Bertso aske
Bertso askea[1] olerki-hizkuntzaren adierazpide poetiko garaikidea da, estrofa tradizionalek ezartzen zituen mugak gainditzeko modua bezala sortuta. XIX.menderarte poesiaren ezaugarri nagusia irizpide zehatzak zaintzeko betebeharra zen: poemak errima eta metrika garbiak izan behar zituen. Esan daiteke lerro askea prosa poetikotik oso gertu dagoela baina tipografiaren ikuspuntutik poetak bertsoen itxura formala gordetzen du, hau da, bertsoen arteko pausak.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bertso askea XIX. mendearen bigarren erdian sortu zen, planteamendu estetizisten gainetik, askatasunaren aldarri gisa. Adierazpide hori erabili zuen lehen olerkari handia New Yorkeko Walt Whitman izan zen. Whitmanek Bibliatik txatalen eskema hartu zuen: bertso askeak edo irregularrak oso luzeak. Hona hemen adibide bat Bingen Ametzagak euskaratuta:[2]
- Ontziburu!, nire ontziburu!, amaitu da gure itsasaldi ikaragarria.
- Ontziak aldera egin ditu uharri guztiak,
- begiratzen genuen saria irabazi dugu.
Mugimendu Sinbolistaren poetek -esaterako Gustave Kahn eta Jules Laforgue- Frantzian eta Europan zabaldu zuten idazteko modu berri hau. Ondoren, nahiko arin zabaldu zen nahiz eta hasieran idazle eta irakurle tradizionalen artean aurkako jarrerak aurkitu. Idazle berritzaile hauen ikuspuntutik lerro askearen bitartez poemaren musikaltasuna ez da galtzen, ez da hain arrunta eta monotono, aberatsago baizik; nabarmena ez izatea ez du esan nahi musikaltasuna eta erritmoa ez daudenik, ezkutua dagoela baizik. Espainian bertso askea Juan Ramón Jiménezek zabaldu zuen. Euskal Herrian euskarazko poesian XX.mendearen erdira arte ez zen bertso askea zabaldu. Zalantzarik gabe, gurean Gabriel Aresti izan zen haren aitzindari nagusia. Gaur egun poeta euskaldun gehienek bertso askea erabiltzen dute: Jon Mirande, Xabier Lete, Joseba Sarrionandia, Joxean Artze...