close
Edukira joan

Dama-joko

Wikipedia, Entziklopedia askea
Fitxen hasierako kokapena 8x8 gelaskako dama-joko batean.

Dama-jokoa taula baten gainean eta fitxekin jokatzen den bi jokalariren arteko taula-jokoa da. Aldaera anitz dituen jokoa da, besteak beste 8x8, 10x10 (poloniar dama-jokoa) eta 12x12 tauletan ere jokatzen delako. 8x8 taulako jokoak, berriz, hainbat aldaera ditu toki batetik bestera, arau ezberdinekin. Txinatar dama-jokoan, berriz, taula sei puntetako izarra da eta 2-6 jokalarik joka dezakete. Antzinatik jokatzen den jokoa da, arabiarrek Europara ekarria eta bere 8x8 bertsio arruntenean 2007 urtean Chinook izeneko ordenagailuak ebatzia: jokalariek huts egiten ez badute, jokoa berdinketaz amaitzen da.

Dama-jokoaren antzeko jokoen aztarnak aurkitu dira Mesopotamiako Ur hirian. Ekialde Hurbilean ere sortu zen dama jokoaren aitzindaria izan zen alkerke jokoa, 5x5 taula batean jokatzen dena. Erdi Aroan arabiarrek Iberiar penintsulara eraman eta hortik Okzitaniara heldu zen: bertan xake jokoaren eraginez, 8x8 taula bat jokatzen hasi zen.

Arau orokorrak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Dama-joko bat 10x10 aldaeran.
  • Bi lagunen artean jokatzen da, bakoitzak kolore bateko piezak hartuz
  • Kolore bereko hamabi piezak (edo hogei, 10x10 aldaeran) taularen alde bakoitzeko lehenengo hiru lerro beltzetan (edo lau lerrotan, 10x10 aldaeran) kokatzen dira.
  • Piezak diagonalean eta aurrera, ezkerrera edo eskubira, mugitzen dira, hutsik dagoen ondoko gelaxka batera aldatuz (10x10 aldaeran atzera ere harrapa daiteke).
  • Aurkariaren pieza bat harrapatzeko, haren gainetik jauzi egin behar da, eta diagonalean hutsik dagoen hurrengo gelaxkan utzi.
  • Aurkariaren pieza bat baino gehiago harrapa daiteke txanda batean, behin eta berriz jauzi eginez aurkariaren piezen artean.
  • Jokalariaren pieza bat azken lerrora heltzen denean, dama bihurtzen da. Dama kolore bereko bi pieza bata bestearen gainean ezarriz adierazten da, eta atzera eta aurrera mugi daiteke, jauzi batez gelaxka bat baino gehiago zeharkatuz.
  • Jokalari batek aurkariaren pieza bat harrapatzeko aukera badu, beharturik da hori egitera. Ez da behartua ahal bezain beste pieza harrapatzera, eta hautua duelarik, jokalariak nahi duena harrapa dezake (arau hori ezberdina izan daiteke aldaeraren arabera).
  • Piezarik gabe edo piezak mugitu ezinik geratzen denak galtzen du. Partida berdinketaz amai daiteke, jokalariek horrela adostu, piezen kokapen bat hiru aldiz errepikatu eta aurreikusitako mugimendu kopuru bat gainditzen denean.

Euskarazko esamoldeak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ondoko esamoldeak erabiltzen dira, euskaraz jokatzean:[1]

Dama-jokoan erabiltzen diren esamoldeak
Esamoldea Noiz
Jana, harrapatua Jokalari batek bestearen pieza bat harrapatzen duenean.
Jana ez jateagatik, harrapatua ez harrapatzeagatik Jokalari batek bestearen pieza bat jan behar duenean eta jan ez duenean.
Dama lortu Jokalari batek bere peoi bat beste jokalariaren lehen lerroraino eramaten duenean

Egipton eta Txinan dama-jokoaren aldaerak jokatzen dira (dama egiptoarrak eta dama txinatarrak).[2]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Angulo, Santi. (1998). «Euskaraz jokatzen - Jokoenea» www.jokoenea.eus (Hik hasi) (kontsulta data: 2022-02-05).
  2. «"dama" bilatzea Jokoak - Jokoenea» www.jokoenea.eus (Jokoenea) (kontsulta data: 2022-02-05).

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]