close
Edukira joan

Segismundo Casado

Wikipedia, Entziklopedia askea
Segismundo Casado


Espainiako Gerra ministro

1939ko martxoaren 5a - 1939ko martxoaren 31
Juan Negrín
Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakSegismundo Casado López
JaiotzaSegovia, 1893ko urriaren 10a
Herrialdea Espainia
HeriotzaMadril, 1968ko abenduaren 18a (75 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jarduerakmilitarra, ofizierra, soldadua eta koronela
Zerbitzu militarra
Adar militarraEspainiako Lurreko Armada
Errepublikako Herri Armada
Graduakoronel
Parte hartutako gatazkakEspainiako Gerra Zibila

Segismundo Casado López (Nava de la Asunción, 1893ko urriaren 10a - Madril, 1968ko abenduaren 18a) espainiar militar antikomunista izan zen. Espainiako Gerra Zibilaren amaieran, Juan Negrín sozialistaren gobernua eraitsi zuen 1939ko martxoaren 5eko estatu-kolpearen bitartez. Kolpe hori emateko Julian Besteiro bezalako sozialista moderatuen, ezkerreko errepublikanoen eta sektore anarkisten laguntza izan zuen. Defentsarako Kontseilu Nazionala eratu zuen, Francisco Francori amore ematean errepublikanoen bandoaren erresistentziari amaiera emanez. Ondoren, tropa frankistek, ia borrokatu gabe, Bigarren Errepublikaren agintepean geratzen ziren eskualdeak okupatu ahal izan zituzten. 1939ko apirilaren 1ean Frnacok Espainiako gerra zibilari amaiera eman zion.[1]

Militar baten semea zen, eta hamabost urte zituela sartu zen Valladolideko Zalditeria Akademian. Masoneriako kidea zen. Estatu Nagusiko ikasketak egin zituen eta Marokoko kanpainan parte hartu zuen kapitain mailarekin. Komandante mailara igoa, 1935ean Errepublikako Presidentearen Eskoltako buru izendatu zuten; gerra zibila piztu zenean postu horretan zegoen.[2]

1936ko abuztuaren 20an, bizkartzainaren buru izateari utzi zion, eta, urriaren hasieran, Estatu Nagusiko Operazio buru izendatu zuten. Ondoren, Estatu Nagusiko Eskolako zuzendaria eta Zalditeriako ikuskatzaile nagusia izan zen. 1936ko irailean teniente koronel mailara igo zuten. 1936ko urria eta azaroa bitartean, Errepublikako Herri Armadako Brigada Mistoak entrenatzeaz eta antolatzeaz arduratu zen. Madrilgo defentsan, Jaramako batailan eta Bruneteko batailan parte hartu zuen.[2]

1937ko maiatzeko gertakarien ondoren Juan Negrín sozialistaren lehen gobernua eratu zenean, Indalecio Prieto Defentsa ministro berriak postu garrantzitsuagoak ezarri zizkion. Antolatzaile ona eta diziplina ezartzeko gai zen «Prietok Armada errepublikarraren berrantolaketa burutzeko nahi zuen militar mota», Armada erregular baten ahalik eta antz handiena izan zezan. Horrela, Belchiteko batailako agintarietako bat izendatu zuten eta, 1938ko apirilaren hasieran, Andaluziako Armadako buru izendatu zuten.[2]

1938ko martxo-apirileko krisia gertatu zenean Gobernu errepublikarrean, Teruelgo batailaren porrotaren eta ondoren Aragoiko frontearen erorketaren ondorioz, Indalecio Prieto Defentsa ministroaren alde jarri zen Casado, uste baitzuen gerra Errepublikarentzat galduta zegoela eta irtenbide negoziatua bilatu behar zitzaiola. Gainera, Prietori babesa eman zion Herri Armadaren barruko «proselitismo komunistaren» eta Espainiako Alderdi Komunistarekin lotutako miliziano jatorriko militarren igoeraren aurka. Militar errepublikano profesional askok partekatzen zuten ideia bera.[2]

1938ko azaroan Ebroko batailaren porrot errepublikar berriaren eta ondoren Kataluniaren erorketaren ondoren, Casado koronelak berretsi egin zuen «militarren artean elkar ulertzera iritsiko gara» ideia, eta bosgarren zutabe frankistarekin harremanetan hasi zen Madrilen, errepublikanoen errendizioa negoziatzeko. Casadok uste zuen gerra galdua zela, eta alferrikakoa zela borrokari amaieraraino eustea.[2]

1939ko urtarrilaren 15ean Villanueva de la Cañadako hondamendi errepublikarra gertatu zen, Casadok berak Lehen Armada Kidegoari agindutako operazioa, Brunete eta Navalcarnero bereganatzeko asmoz. Casadok Luis Barceló teniente koronelari adierazi zionez, erasoaldiak ez zuela ia zailtasunik, baina tropa frankistak jakinaren gainean zeuden. Casadoren engainua ehunka soldadu errepublikarren sarraskiarekin amaitu zen ordu gutxitan (milatik gora Jacinto Barrios buruzagi komunistaren arabera, 900 Manuel Tuñón de Lararen arabera). Casadok ondorengo bilera batean ukatuko zuen etsaiak operazioaren berri izan zuenik, nahiz eta — Luis Romerok adierazi zion bezala — «hura idazteaz arduratzen zen kapitainak kopia bat gehiago mekanografiatu zuela etsaiarentzat». Ordutik aurrera, Casadoren eta Barcelóren arteko haustura gertatu zen, eta Errepublikari leial zitzaizkion sektoreek Casadok etsaiekin zuen kolaborazionismoa sinetsi zuten.[2]

1939ko otsailean, Casadok hainbat harreman izan zituen José Centaño de la Paz teniente koronelarekin — Madrilgo 4. artilleria-parkeko burua eta ezkutuko agente frankista —. Harreman horietan, Centañok Francisco Francoren ordezkari gisa aurkeztu zuen bere burua, eta Casadori Armada errepublikanoa errindiatzera gonbidatu zion.[2]

1939ko martxoaren 5ean, Casadok, Negrin presidentea PCEk boterea hartzeko asmotan zebilelako aitzakia faltsuarekin, estatu kolpe bat gidatu zuen gobernu errepublikarraren aurka, alderdi errepublikarren, Julián Besteiro buru zuen Espainiako Langileen Alderdi Sozialistaren fakzio "antinegrinistaren", lider anarkista desilusionatuen eta Errepublikanoen Herri Armadako buruzagi ez komunisten babesa zuela.[2][3][4]

Matxinatutako tropak Madrilen berehala sartuko zirela ikusita, Segismundo Casado Valentziara abiatu zen, eta Gandiako portutik itsasontzi britainiar batean abiatu zen Marseillako (Frantzia) erbestera. Ondoren, 1939ko amaieran, Britainia Handira erbesteratu zuten. Gerra amaituta, Kolonbiara joan zen lanera, eta gero Venezuelara (1947). 1951n bere familia Espainiatik Venezuelara aldatu zen, bere emazte Carmen Santodomingo eta bere seme Carmen eta Segismundo. "Semeak, hamalau urterekin, aita ezagutu ahal izan zuen azkenean".[2]

1961ean, familiarekin itzuli zen Espainiara, eta gerra-kontseilu batek, «matxinada militarra» egotzita, epaitu eta absolbitu egin zuen. Bihotzekoak jota Madrilgo ospitale batean hil zen, 1968an.[5]

  • Organización del Ejército francés (1931),
  • The Last Days of Madrid (Londresen, 1939an plazaratuta)
  • Así cayó Madrid, bere memoriak (Espainian, 1968an plazaratu zuen, frankisten zentsura jaso ondoren).

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. (Gaztelaniaz) Coronel Segismundo Casado – Aquella Guerra. 2025-03-09 (kontsulta data: 2026-07-24).
  2. 1 2 3 4 5 6 7 8 9 (Gaztelaniaz) Proyectos, HI Iberia Ingeniería y. «Real Academia de la Historia | Historia Hispánica» historia-hispanica.rah.es (kontsulta data: 2026-07-24).
  3. (Gaztelaniaz) Martín, Francisco David García. (2022-04-30). «Besteiro contra Negrín: el coronel Segismundo Casado y la lucha por el poder en una República agonizante» Aportes. Revista de Historia Contemporánea 37 (108) ISSN 2386-4850. (kontsulta data: 2026-07-24).
  4. (Gaztelaniaz) Viana, Israel. (2020-11-22). «La eterna polémica del coronel Casado: esa «alimaña» republicana que quiso negociar la rendición con Franco» Diario ABC (kontsulta data: 2026-07-24).
  5. (Gaztelaniaz) «Segismunco Casado: el final de una guerra» Diario ABC 2009-04-24 (kontsulta data: 2026-07-24).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]