close
Edukira joan

Sibila

Wikipedia, Entziklopedia askea
Sibila
Ezaugarriak
Sexuaemakumezkoa

Sibila greziar eta erromatar mitologiako eta erlijioko pertsonaia bat da. Profeziarako botereak zituen emakume bat zen, Apolok inspiratua. Ordutik, horrela deitu izan dira maiz, profetizatzeko ahalmen hori erabili izan duten emakumeak. Kristautasunak bere kontakizunetan barneratu zituen, eta "Salbatzailearen" etorreraren iragarle egin zituen. Hori dela eta, Kristau artean askotan irudikatu zuten.

Mundu klasikoan

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tradizio batzuen arabera, Troiako Dardanok eta Nesok (Teukro gobernariaren alaba zena) alaba bat izan zuten, profeziak egiteko dohaina zuena, eta oso igarle ona zenaren ospea zuen. Neska gazte haren izena Sibila zen. Delfosen zegoen, Pitiaren orakulua eta Apoloren santutegia existitu baino lehen, eta Pausaniasen arabera, Herofila zuen jatorrizko izena.[1]

Greziar munduan sibilek leize zuloetan edo ur korronteetatik hurbil izaten zuten bizitokia, eta etorkizuna jakin nahi zuten fededunak hara jotzen zuten. Profeziak, beti trantze egoeran iragartzen ziren eta idatziz igortzen ziren hexametro greziarretan.

Egile gehienek Sibilaren jatorria Ekialdean izan zela uste dute. Izan ere, izena, dirudienez, eremu horretakoa da, nahiz eta ez diren falta hitz grekotzat jotzen dutenak. Egia esan, lehenengo sibilak, Gergitiakoa, Marpesokoa (biak Troaden zeuden hiriak), Sibila Herofila izenaz era ezaguna, eta Eritrasekoa (Jonian), Troadetik Efeso eta Samos uharteraino doan lurralde-zerrenda batean kokatzen dira: horregatik, Sibila Anatolian egon zen ohitura batetik hartu izanaren hipotesiak ez dirudi burugabea.[2]

Sibilen zerrenda

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehen greziar idazleek Sibila bakarra aipatzen dute. Uste denez, Herofila izeneko Sibilari buruz ari dira, Troiako Gerra profetizatu zuena. Geroago, beste batzuk agertzen hasi ziren, beti, zetozen tokiaren izenarekin aipatuak. Zerrenda, hamarrera arte heltzen da.

Delfosko Sibilaren harkaitza.

Erromatar mitologian, aipatutako hamar hauetatik garrantzitsuena, Kumasko Sibila da.

Sibilez hitz egiten duen lehen greziar egile ezaguna Heraklito da (K. a. V. mendea). Platonek ere, sibila bakar bati buruz hitz egiten du. Denboran aurrera, sibila kopurua, hiru, hamar edo hamabi arte igotzen da. Kasu guztietan, euren izenagatik baino gehiago, batez ere ez zutelako izenik, bizi ziren tokiagatik ezagutzen ziren.

Sibilen liburuak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Liburu sibilinoak, lehen mailako garrantzia zuten erromatar erlijio publikoan, eta horrekin modu estuan lotuta zegoen politikan ere. collegium sacris faciundis izeneko apaiz-taldeak gordetzen zituen eta erromatar magistratuek kontsultatzen zituzten batzuetan Jainkoek bidalitako iragarpenak ulertzeko.

Kristau ikonografian

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Dominichinoren Sibila

Kristautasunak mundu klasikoko ikono asko bereganatu eta moldatu zituen, sibilak barne, erlijio berriaren arabera, besteak beste, Kristoren etorrera profetizatu baitzuten[3].

Sibilak kristau iruditerian sartu ziren Mesiasen etorreraren profeta gisa. Horrela, kristauentzat, emakume horiek izan ziren Jainkoaren semearen garai berriak argien iragarri zutenak. Adibidez Kumasko Sibila (bere orakuluen "itzulpen" kristauan mundura etorriko zela aurreikusi zuen), Sibila eritrearra (kristautasunaren arabera Azken Judizioak aurresan zuena) eta Tiburtarra (Erromaren etorkizuneko gertaerak iragarri zituena, eta horrek, kristau berrirakurketan, munduaren amaiera esan nahi zuen, hau da, Kristoren bigarren etorrera Azken Judizioan), mundu kristauak eta bere imajinario ikonografikoak berehala bereganatu zituen. Sibilak, emakumezko irudiak, Profeten kontrapuntua izan ziren, mundu klasikoan kristau salbatzailearen etorrera iragartzen zuten ahots pagano gisa.

Horregatik, Sibila berehala sartu zen pertsonaia gisa kristau zeremonietan, batez ere neguko solstizioaren jai atabikoetan, Elizak eraginkortasuna frogatuta zuen sinkretismoari esker bereganatu baitzituen. Horrela, Sibilak arte plastikoetako irudikapen ikonografiko hutsa gainditu zuen, beste mundu batzuetan murgiltzeko, hala nola literarioan, musikalean, eszenografia liturgikoan... Ikono edo motibo gisa, iturri agorrezina izan zen Kulturaren Historian.[3]

Modu handientsuan, Michelangelok, bost profetekin tartekatuta bere garaiko bost sibilarik adierazgarrienak margotu zituen Kapera Sixtinoko gangan. Honako hauek dira margotu zituenak:

Delfosko Sibila, Michelangeloren obra

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Delfoseko Sibila

Obra hori Michelangelok 1509an Kapera Sixtinoan eginiko fresko bat da. 350 cm luze da, eta 380 cm zabal. Freskoa kaperaren behealdean dagoen serie bateko kide da, non profetak eta sibilak txandakatzen diren. Irudi hauek triangelu batzuen barnean daude eta Kapera Sixtinoko gangaren irudirik handienak dira. Antzinaroan honako sibila hauek ikaragarrizko boterea eduki zuten etorkizuna asmatzeko zuten boterearen ondorioz. Historian zehar famatuena izan dena hauxe izan da, Delfoskoa hain zuzen ere. Profanoak dira, beraz arraroa da Vatikanoan topatzea. Hala ere haien agerpenak zergati bat dauka: badirudi munduaren amaiera eta Jaungoikoaren etorreraren berri eman zutela. Figura marmol edota harrizko tronu batean jesarrita (gainerako profeten eta sibilen antzera) eta bi pilaren artean dago, pilare bakoitzak bi urrezko koloma dituelarik. Marmolezko pilaretan aingeru txikien eskulturak daude marrazturik, hauetako bakoitzak diagonal bat egiten du eta alegiazko marra horiek lanaren erdialdean batzen dira, Sibilaren punturik baxuenean. Honek sakontasuna eta perspektiba ematen dio lanari, badirudi emakumeak planotik irten behar duela. Triangeluaren ia erpinean, emakumearen izena ageri da, baina latinez idatzita: Delphica.

Konposizioari begira, obalo itxura daukala esan dezakegu. Emakumea, energiaz eta indarrez betea, haren gorpua ezkerrerantz du biratuta eskortzoa nabari eginez eta mugimendua irudikatuz. Honek manierismoa aurreratzen digu. Ezkerreko besoa aurrerantz du tolesturik profezia duen pergaminoa eusten duen bitartean, hala ere burua eskuinera du biratuta eta sorpresa aurpegia dauka; honek haren mezuak beldurra eragiten dionaren itxura ematen digu. Figurak duen forma honi (gorputza alde batera eta buru beste batera edukitzeari) Tondo Doni esaten zaio, baina normala baino indar gehiagorekin dago adierazita, artistaren ezaugarrietako bat dena. Arropa laranja, urdin eta berde klasiko batzuek estaltzen dute eta hain landuak egotearen ondorioz, argi - itzalak sortzen dituzte lanari bolumena emanez. Koloreak hotzak dira, beraz suposatu dezakegu artistak marmol polikromatuaren itxura eman nahi izan ziola obrari.

Figura eskultorikoa dugu, baina gorpuak ez dauka emakume gorpuaren antzik; badirudi gizonak margotzen zituela eta ondoren bularrak jarri. Hala ere gangan agertzen den emakumerik eder, dotore eta gazteena dela diote. Sibilaren aurpegiak Michelangelok gaztetan margotutako Madonnen antza dauka. Emakumearen atzean pergamino bat irakurtzen dauden bi aingeru agertzen dira; sibila honen profeziaren bat irakurtzen omen daude. Lanaren koloreak lerroaren menpe daude, beraz lehenengo figura marraztu eta gero margotu zuela suposatu dezakegu.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. (Gaztelaniaz) Carvajal, Guillermo. (2021-09-30). «La cueva donde la Sibila de Cumas pronunciaba sus oráculos» La Brújula Verde (kontsulta data: 2026-03-06).
  2. Caerols Pérez, José Joaquín. (1989 (2011)). Los libros sibilinos en la historiografia latina. Madril: Unibertsitate Konplutentsea ISBN 978-84-694-0078-4..
  3. 1 2 (Gaztelaniaz) Palacios Jurado, Helena. (2018). «La sibila en la Edad Media» Revista Digital de Iconografía Medieval X. lib., 18. zk.: 65-97..
  • Chastel, André; Shearman, Jonh; O´Malley, Jonh; Hirst, Michael; Mancinelli, Fabrizio eta Bernabei, Franco. La Capilla Sixtina. Plaza & Janés. 1986. ISBN: 84-01-37234-8.
  • Junta de Castilla y León. "Miguel Angel. Michelangelo Buonarroti", Arte historia. Kontsulta: 2014 apirilaren 28a.
  • Mendizabal Ugalde, Juan Ignacio (2010) Artearen Historia, 2. Batxilergoa. Erein. ISBN: 978-84-9746-365-2

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]