Tutera ederra eta kondaira zenbait
Tutera ederra eta kondaira zenbait –
Euskal Herriko hego-hegoaldean, hau da, Ebro ibaiaren inguruko lautadetan, Erribera eskualdean, Tutera ederra dugu hiriburu zaharra, Nafarroa osoan biztanle kopuruaz bigarren hiria dena (38.000 biztanle inguru). Honako herriak ditu mugakide: Kastejon, Argedas, Zentroniko, Fustiñana, Ribaforada, Ablitas, Murtxante eta Kaskante. Aurkitu izan diren zeramika puska eta beste aztarnei esker, gaur badakigu Behe Paleolitoan jadanik populatua zela, eta iduriz K. aurreko IX-III. mende artean neurri handiko hirixka izatera iritsi omen zela.

K. aurreko III. mendean, erromatarrak etorri zirelarik, bertan finkatu ziren. Marko Valerio Martzial olerkariak Tutera hiria aipatu zuen, Tudela deituz. Erromatar aroa Tuteran, K. ondorengo V. mendera arte luzatu zen. Badirudi herriaren izenak tutela hitz latinoan jatorria duela eta babesa edo babeslekua erran nahi duela, beharbada, erromatarrek eraikin zituzten gotorlekuak aipatuz, edo Tutela izeneko erromatar jainkosa babeslea oroituz.
II. mendean, Ptolomeo erromatar geografoak Muskaria izeneko hiri baskoi-erromatarra aipatu zuen, eta luzaz pentsatu izan da Tutera zela. Gaur ez dago inolako aztarnarik hori pentsatzera eramaten gaituenik. Eta euskaraz, modu ofizialean, erabiltzen dugun izena Tutera da, Zaraitzun Tutra deitzen dutena.
V. mendetik VII.era bisigodoak bazter hauetatik barna ibili zirela dirudi, egindako zenbait indusketak azaltzen diguten bezala.
VIII. mendean musulmanak iritsi ziren eta bertan izan ziren nagusi XII. mendera arte. 802. urtean, musulmanek gotorleku eta arresi zaharrak berritu zituzten. Banu Kasi familia izan zen hainbat urtetan hiria eta inguruko lurralde zabalak gobernatu zituena. Hiriari arabieraz Al-Tutili edo Tuthila deitzen zioten.
1119an nafarrek hiria hartu zuten eta orduz geroztik, Tutera eta Erribera osoa Nafarroako Erresumari lotuak izan dira, 1512an gaztelarrek eta aragoitarrek erresuma konkistatu zuten arte. 1516an tuterarrek parte hartu zuten inbaditzaileak bidaltzeko, nafar erregeak deitutako matxinadan. Garesti ordaindu zuen hiriak legezko erregeari zioten leialtasuna, zapalketa gogorra jasan behar izan baitzuten, eta 1521ean Tuterako gazteluaren dorreak eta gotorlekuak birrindu baitzituzten. Hortik aitzina, Tutera beti lotua izan zaio Nafarroari, eta bera dugu Erriberako hiriburu ederra.
Segidan, artikulu honetan Tuteran kontatu izan diren hiru kontakizun edo kondaira ekarriko ditut gogora.
1.- Santa Kiteriaren kondaira
1683an, euria etengabean ari zuen eta ziertzoak Tuterako karrikak zigortzen zituen inolako gupidarik gabe. Amorruz beterik, Maria Arroniz, Migel Arroniz eta Petronila Marsellaren alaba, kriseilu bat eskuan hartuta, eta kamisoi fin batez jantzirik, hiriko ateak zeharkatu eta inguruko landetan barna abiatu zen, iluntasunetan galduz.
Zenbait aste lehenago, zakur batek hautsiki egin zion, elizatik etxera itzultzen ari zelarik, eta orduz geroztik ohean eri zen. Ohean ez zela ikustean, senideak bere bila abiatu ziren, eta alferrik zela ikusirik, herriko agintariak gertatutakoaz ohartu zituzten. Herritar taldeak antolatu zituzten baina inguruetako bazterretan bilatzen ibili ziren arren, ez zuten neskaren arrastorik aurkitu.
Jadanik, ilunabarra zen, eta neska aurkitzeko esperantzarik ez. Ustekabean, norbaitek Santa Kiteriaren baselizan ikusi zuen. Neska barruan zegoen, atea itxita, eta ematen zuenez, lasai eta osasuntsu. Eta harrigarria bazen ere, harekin batera zegoen hautsiki egin zion zakurra, besoan loturik zeukan lokarriaz loturik.
Harekin hizketan hasi eta, laster konturatu ziren neskak ez zuela gertatutakoaz deus oroitzen, hori bai, itxuraz, guztiz sendatua zen. Orduz geroztik, Erriberako hiriburuan, herritarrek pentsatu izan dute Santa Kiteriak amorrua duten pertsonak eta animaliak sendatzen dituela; hori dela eta, urtero, maiatzaren 22an, santuaren jai eguna ospatzen dute. Horretarako badago gaur, bere baitan familia ugari biltzen duen elkartea.

2.- Lur azpiko bideak
Tuterarren artean oso zabalduta dago, Monreal dorrea, Santa Maria katedrala eta Santa Barbara muinoa lur azpian dagoen korridore baten bitartez komunikaturik daudela dioen sinestea. Egia da, aipatu lekuetan, lur azpian, txanpon zaharrak, ezpatak eta lanabesak aurkitu izan direla, baina korridore horren aztarnarik ez. Indusketa handiak egin dituzten arren, inoiz ez dute korridore horren arrastorik aurkitu. Gainera, ez dirudi horrelako istorioak egiantza handirik duenik, aipatu hiru tokiak lur azpiko korridore batez komunikatzeko, korridorea Mediavilla eta Keiles ibaien azpitik pasatu beharko baitzen, eta hori teknikoki zail samarra da. Beraz, oraingoz, tuterarrek kondaira bat dela pentsatuz, jarraitu beharko dute.
3.- Lanbideen kondaira
Bada beste kondaira bat XII. mendeko Madalenaren elizarekin lotua dena. Aipatu elizan, badira irudi zizelkatu batzuk Erdi Aroko lanbideen berri ematen dutenak: harginak, artzainak, laborariak, musikariak… eta haur bat, aipatu elizan, bataiatzen den aldiro, ohitura da haurra besoetan eramaten duen aita-ponteak irudi horietako bat hautatuz, umea azpian jartzea, biharko egunean halako lanbidea izan dezan.

Tutera beti izan da giza talde ezberdinen habia. Erdi Aroan, kristauak, musulmanak eta juduak elkarrekin bizi ziren eta elkarrekiko errespetu osoz. Bakoitzak bere auzoa eta bere arauak zituen. XIV. mendean, oreka hori hautsi zen, batez ere, agintari kristauen intrantsigentziagatik. Pedro Ollogoien izeneko apaizak tuterar kristauak berotu zituen eta horrela, 1328ko martxoaren 6an, sekulako sarraskia egin zuten juduen kontra.
Gaur, Euskararen Legea dela eta, Tutera eremu ez-euskaldunean dago eta hizkuntza ofizial bakarra gaztelania da. Hala eta guztiz ere, bada Argia izeneko ikastola pribatua euskarazko irakaskuntza ematen duena.
Eta aipatu beharra daude Eduardo Gil Bera eta Xabier Zabaltza tuterar idazle finak, euskaraz eta erdaraz idazten dutenak.

1995ean, Xabier Urzantek izenpeturik, eta Erein argitaletxearen bitartez, “Adarbakoitzaren oinatza.Tuterako ipuin eta elezaharrak” izeneko liburu ederra plazaratu zuten. Bada Joanes, Miriam eta Ali izeneko ipuina, garai batean, erlijio ezberdineko tuterarren arteko elkarbizitza gogora ekartzen diguna. Joanes mutiko kristaua zen, Miriam neska judua eta Ali mutiko musulmana, herriko azoka egunean adiskidetasuna egin zutenak.
Agurtzeko tenorea iritsi zitzaielarik, beste egun batean elkartzeko hitzordua finkatu zuten: “Hurrengo jai egunean, Zubiondoko atea pasa eta hurbil den Maria Madalenaren eliza aitzinean”. Hurrengo jai eguna iritsi zenean, hiru neska-mutilak aipatu lekura abiatu ziren, baina, harrigarri bada ere, ez zuten elkar topatu. Azkenean, lagunekin elkartu gabe, etxera itzuli behar izan zuten. Berriro, ustekabean, topatu zirenean horretaz mintzatu ziren eta gertatutakoa ulertu zuten. Ali, ostiraleko besta musulmanaren egunean joan zen, Mariam sabath egunean, hau da, larunbatean, eta Joanes igandean, hau da, kristauen jai egunean. Horrela hiruak izan ziren Maria Madalenaren eliza aurrean itxoiten, baina ez zuten elkar topatu.

Aipatu liburuan badira beste bospasei ipuin eta elezahar, den-denak arras ederrak diren arren, artikulu honetara ekarriko ez ditudanak, horrela, beharbada, aipatu liburua irakurtzeko grina piztuko zaizuelakoan. Atzeman eta irakurtzen baduzue, ez zarete damutuko, alajinkoa!
