close
Edukira joan

Eskandinaviar penintsula

Eskandinaviar penintsula
Datu orokorrak
Mendirik altuenaGaldhøpiggen
Motapenintsula
Azalera750.000 km²
EponimoaEskandinavia
Geografia
Mapa
Koordenatuak63°N 14°E / 63°N 14°E / 63; 14
Ur-gorputzaNorvegiako itsasoa
Ipar itsasoa
Itsaso Baltikoa
Barents
Leku geografikoaFennoskandia

Eskandinaviar penintsula edo Eskandinaviako penintsula[1] Europako iparraldeko penintsula bat da, bere barnean hartzen dituena Norvegia, Suedia eta Finlandiaren iparraldearen zatirik handiena. Eskandinaviar penintsulak 750.000 km²-ko azalera du, eta horrenbestez, Europako penintsularik handiena da.

Penintsularen izena Eskandinavia izenetik dator; Danimarka, Norvegia eta Suedia herrialdeek osatzen duten kultura eta hizkuntza eskualdetik, hain zuzen. Leku-izen hau, berriz, Suediako hegoaldeko Eskania probintziatik dator, antzina Danimarkako Erresumaren esku zegoena.

Europako penintsularik handiena, 1.850 km luze da eta 370 km-tatik 805 km-tara aldatzen den zabalera du. Eskandinaviako mendiak delako mendikateak muga natural izaera du; hori dela eta, Norvegiaren eta Suediaren arteko muga zehazten du hein handi batean. Norvegiako, Suediako eta Finlandiako mugek bat egiten duten puntu geografikoari Eskandinaviako muga hirukoitza deritzo. Ondorengo itsasoek inguratzen dute penintsula:

Garai batean, penintsulako lekurik garaiena Norvegiako Glittertind mendiaren gailurra zen. Tontorreko glaziarraren zati baten urtzearen ondorioz, Norvegiako Galdhøpiggen da, gaur egun, gailurrik garaiena 2.469 metrorekin.[2] Mendi hauetan Europa kontinental osoko glaziarrik handiena dago: Jostedal glaziarra.[3]

Penintsularen azaleraren laurdena inguru zirkulu polar artikotik iparralderago dago. Norvegian dagoen Kinnarodden lurmuturra da penintsula kontinentaleko lekurik iparraldeena.

Eskandinaviar penintsulako biztanle gehienak hegoaldean bizi dira bertako klima epelagoa delako. Hegoaldea, nekazaritza-gunea ere bada. Penintsulako hiririk populatuenak Stockholm, Oslo, Gothenburg, Malmö eta Bergen dira, hurrenez hurren.

Suediako Vänern aintzira penintsulako handiena da azaleran, eta Europako hirugarrena.[4] Ibaiei dagokionez, Glomma ibaia Norvegiako eta Eskandinaviar penintsulako luzeena da. Hala ere, Klarälven ibaiak Vänern aintzira zeharkatu ondoren Göta ibaia izena hartzen du. Horrenbestez, biak sistema bakartzat hartuz gero, Klarälven-Göta ibai-sistema litzateke penintsulako luzeena.

Eskandinaviar penintsulako klima anitza da. Iparraldean, tundrakoa (Köppen: ET) eta klima azpiartiko hezea (Dfc) da. Ipar-mendebaldeko kostaldean, Lofotendik iparraldera, klima azpipolar hotza (Cfc) da nagusi. Erdialdean klima kontinental hezea (Dfb) nabarmentzen da. Azkenik, hegoaldean eta hego-mendebaldean mendebaldeko klima ozeanikoa (Cfb) da.

Eskandinaviar penintsulak Ezkutu Baltikoaren zati bat hartzen du, arroka metamorfiko kristalino oso zaharrez osatutako lurrazalaren atal egonkorra eta handia.

Izotz Aroetako glaziazioak ibai-haranak higatu eta sakondu zituen. Izotza urtzen joan zen heinean, itsasoko ura haranetan barrena sartzen joan zen, Norvegiako fiordoak sortuz.[5]

Nahiz eta Ezkutu Baltikoa ikuspuntu geologikotik egonkorra izan, Izotz Aroetan metatu zen izotz-geruzaren pisuak Eskandinaviar penintsulako lurzoruaren hondoratzea eragin zuen. Izotz geruza desagertu eta pisua arindu ahala, lurzorua berriro gora egiten ari da. Prozesu horri isostasia deritzo eta kosta lerroaren aldaketak eragiten ditu.[6] Oraindik ere, lurzoruak mendean metro bat inguru egiten du gora.[7]

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Euskaltzaindia. Europako toponimia fisikoa. .
  2. «Eskandinaviako mendirik altuenera igotzera doa espedizio getxoztar bat» Hiruka 2017-05-31 (kontsulta data: 2026-03-01).
  3. (Ingelesez) Åkesson, H.; Sjursen, K. H.; Schuler, T. V.; Dunse, T.; Andreassen, L. M.; Gillespie, M. K.; Robson, B. A.; Schellenberger, T. et al.. (2025). «Recent history and future demise of Jostedalsbreen, the largest ice cap in mainland Europe» The Cryosphere 11: 5871–5902.  doi:10.5194/tc-19-5871-2025. (kontsulta data: 2026-03-01).
  4. (Ingelesez) Dave, G.; Munawar, M.; Wängberg, Sten-Åke. (2015-04-03). «Ecosystem health of Lake Vänern: Past, present and future research» Aquatic Ecosystem Health & Management: 205–211.  doi:10.1080/14634988.2015.1017437. (kontsulta data: 2026-03-02).
  5. «Norvegiako fiordoak» Elhuyar 2012-03-01 (kontsulta data: 2026-03-02).
  6. Bilbao Lasa, Peru. (2022-12-20). «Kosta lerroa beti egon da hor?» Aranzadi Zientzia Elkartea (kontsulta data: 2026-03-02).
  7. Biologia eta Geologia DBH 4. Santillana Zubia, 13 or. (kontsulta data: 2026-03-02).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]