close
Edukira joan

Izualdi Lila

Wikipedia, Entziklopedia askea
Joseph eta Roy Cohn Army-McCarthy entzunaldietan. (1954)

Izualdi Lila (ingelesez: Lavender Scare, izpilikuaren koloreari erreferentzia eginez), [1] AEBetan 1950eko hamarkadan homosexualek jasandako jazarpenari egiten dio erreferentzia. Komunistek pairatu zutenaren antzekoa izan zen, Red Scare «izu gorria» deiturikoarena, alegia. [2] Gizon gayak eta emakume lesbianak segurtasun nazionalerako arriskutzat eta komunismoaren jarraitzailetzat jotzen ziren, eta horrek edozein agentzia federaletatik kanpo uzten zituen. [3] Sexu-orientazioaren inguruko estigmaren ondorioz, xantaietan erortzeko harrapakin erraza zirela uste zen, eta horrek arriskuan jartzen zuela segurtasun nazionala. [4] Lesbianak arrisku gutxiagokotzat jotzen ziren, baina haietako batzuk itaunduak izan ziren edota beraien lanak galdu zituzten.

Izualdi lilak homosexualen aurkako jazarpena normalizatu zuen homofobiaren instituzionalizazio burokratikoaren bidez. Alan Simpson Estatu Batuetako senatariak honako hau idatzi zuen: «Red Scare deiturikoa historialari askoren ikergaia izan da aldi batean. Beste gertaera ez hain ezaguna, baina jende askoz gehiagori eragin ziona McCarthyk eta beste batzuek homosexualen aurka egindako sorgin ehiza izan zen.

Jazarpenaren izena David K. Johnsonek zabaldu zuen 2004an homosexualen aurkako kanpainari buruz egin zuen saiakeran, The Lavender Scare. [5] Liburuaren izenburua «lavender lads» terminoan oinarritu zen, gizon homosexualen sinonimo gisa erabiltzen baitzuen Everett Dirksen senatariak behin eta berriz. 1952an, Dirksenek esan zuen Estatu Departamentuko «lavender lands» guztiak desagerraraziko zituela Alderdi Errepublikanoak azaroko hauteskundeetan lortutako garaipen batek. [6] [7] Confidential aldizkariak ere erabili zuen adierazpena, politikarien eta Hollywoodeko izarren sexualitateari buruzko txutxu-mutxuengatik ezaguna.[8]

1950eko biltzarreko ikerketak hasi baino lehen, erakunde estatubatuarrek arau-, taktika- eta langile-sistema korapilatsu eta eraginkor bat garatu zuten homosexualak aurkitzeko, izualdi lilaren garaian exekuzio-mekanismo bihurtuko zirenak. [9] Naoko Shibusawak adierazi zuenez, XIX. mende bukaeran zehar, sistema burokraziaren hedapenarekin lotuta zegoen, une horretan instituzioek sistematikoki sailkatzen zuten jendea, gai edo ez gai gisa, nahiz eta ez zuten beti praktikan jartzen aurrerago arte. Homosexualak azken horretan kategorizatzen zituzten, pertsona «kriminalki eroak» «moralki ustelak» gisa izendatuz. [4] Margot Canadayk eta Michael S. Sherryk adierazi zuten Gerra Hotzaren garaiko homofobia (baita Depresio Handian zehar nagusi zen moral eta izu sexuala ere) testuinguru nahasi batean gertatu zela, «aldaketak genero eta arrazen arteko harremanen pertzepzioan, kapitalismo berantiarraren bidean dauden dislokazioetan, amaierarik gabeko urbanizazioan, ekonomia- eta kanpo-krisietan, gerraosteko egokitzapenean eta ustez emakumeek menderatutako gizarte eta kontsumo-kultura bat finkatzean». Hori horrela izanagatik ere, gayak zerbitzu zibiletik baztertzea, bestalde, ez zen kontuan hartzen Gerra Hotzaren aurretik. Armadan gertatzen zenaren aurrean, Estatu Departamentua ez zen gayez arduratzen Gerran. Gai hori ere ez zegoen radar publikoan, gorputz diplomatikoek tipo afeminatu eta pribilegiatuen talde gisa zuten pertzepzioan izan ezik.[4]

1947. urtean, Gerra Hotzaren hasieran eta segurtasun nazionala handitzearen kezka zela eta, Estatu Departamentuak komunisten eta homosexualen departamentua garbitzeko asmoz kanpaina bat hasi zuen, eta «segurtasun printzipio» multzo bat ezarri zuten leialtasun- eta segurtasun-test dual bat sortzeko inspirazio iturri izan zena. Test hori eredu izan zen beste gobernu-agentzia batzuentzat, eta Dwight D. Eisenhower presidentearen administraziopean gobernu osoari aplika dakiokeen segurtasun-programa baten oinarri. [9] Printzipio horiei jarraiki, komunistak, haien bazkideak eta espioitza-errudunak «desleialtzat» jotzen ziren, bai eta «ohiko alkoholismoagatik, perbertsio sexualagatik, zitalkeria moralagatik, arduragabekeria finantzarioagatik edo aurrekari penalengatik» ezagutzen ziren pertsonak ere, eta ezin zituzten gobernuak erabili. [9] «Perbertsio sexuala» sartu zuten ezaugarri horien artean. 1947 eta 1950 artean, gobernu federalean lan egiteko 1700 eskatzaile inguru baztertu ziren homosexualitatearen alegazioengatik. [10]

Izualdi lilaren hizkuntza kontzienteki lausoa zen; izan ere, zuzenean aipatu beharrean, askotan, homosexualei eta “perbertituei” «moral ahuldun», «arrisku moral», «gizartera moldatu gabeak», «nazkagarri» bezala identifikatzen zitzaien. «Segurtasun-arriskua» termino eufemistikoa jende askok erabiltzen zuen une hartan, eta historialari askok onartu zuten komunista baten bertsio leunago bati zegokiola — sinpatia komunistak zituen norbait, baina alderdiarekin lotura zuzenik ez zuena—.[9] «Leialtasun-arriskua» eta «segurtasun-arriskua» antzeko esamoldetzat hartzen ziren; baina bien arteko desberdintasunak definitzerakoan, funtzionarioek sarritan azaltzen zuten «leialtasunak» sekretuak kontzienteki kontatzea zela, eta «segurtasuna», berriz, etorkizunean nahi gabe zein nahita sekretuak kontatzeko arriskua zuela. [9] Horrela, bai gobernuak bai estatu-departamentuak funtzionarioak kanporatzeko ahalmena eman zioten beren buruari, komunistak zirela frogatu gabe, baizik eta joera batzuk izateagatik.

1947ko Estatu Departamentuaren segurtasun-printzipioak ezarri aurretik ere, Estatu Batuetako armadak gay eta lesbianei zuzendutako diskriminazio-politikak garatu zituen. 1940an, psikiatra batzuek Roosevelt presidentea eta Selective Serviceko haren aholkulariak konbentzitu zituzten soldaduen osasun mentala aztertzeko programak egin zitzaten, gerratik itzulitako beteranoen errehabilitazio psikiatrikoaren kostua murrizteko asmotan. [11] Hasierako azterketa psikiatrikoetan ez zen jasotzen homosexualitateari buruzko erreferentzia zuzenik; hala ere, gerora erreferentzia horiek gehitu ziren. Horren ondorioz, Bigarren Mundu Gerran zehar, homosexualitateari buruzko kezka zabaldu zen armadan. [12] Azterketa psikiatrikoekin batera, homosexualak armadan zerbitzatzeko gai ez zirenaren ideia zabaldu zen, “mentalki ezegonkorrak” zirela erakusten baitzuten emaitzek. Hasieran aintzat hartu ziren 18 milioi gizonetatik 4.000-5.000 inguru baztertuak izan ziren arrazoi horregatik. [4] Soldaduek beste soldaduen jarrera homosexualak salatzeko betebeharra zuten; hala, susmagarritzat jo ziren 2.000-3.000 soldadu armadatik kanporatuak izan ziren. [13]

New Deal-aren garaian, jende asko joan zen Washington D.C-ra, eta bertako hiri-giroak zein giro profesionalak gay eta lesbianen azpikultura loratzeko aukera eman zuten. Bigarren Mundu Gerrak prozesu hori bizkortu zuen, gay eta lesbiana askorentzat gerra armairutik ateratzeko aukera izan baitzen. [9] Horrela, Estatu Batuetako paisaia sozial eta hiritar berriak hartu zuen lekua, gay eta lesbianen komunitatea garatzea ahalbidetuz. Estatubatuar askorentzat, kultura homosexualak erakusten zuen gerrak kode moral puritanoekin amaitu zuela. Gainera, sexu-ohiturak arindu zituen eta hori genero-rolei, heterosexualitateari eta familia nuklearrari buruzko idealentzako mehatxua zenaren froga izan zen. Gerraren ostean, familiak elkartzen ziren bitartean, Estatu Batuak haien bizitzari berriro ekiteko borrokan zebiltzan. Une horretan, familia nuklearrak, heterosexualak eta etxe eta lanpostuko genero-rol tradizionalak idealizatzen zituen narratiba nazional bat zabaldu zen. [14]

1950. urtean, Joseph McCarthy senatariak Estatu Batuetako Estatu Departamentuan 205 komunista ezkutatzen zirela esan zuen. Aurrerago, John Pueriforyk, estatuko idazkariordeak, Estatuko Departamentuan [15] «mugimendu klandestino homosexuala» zegoela esan zuen, eta 91 homosexualek dimititzea baimendu zutela. [15][16] Soilik horietako bi ziren emakumeak. [9] Honen ondorioz, Harry Truman presidentearen administrazioa akusatua izan zen homosexualitatearen «mehatxua» ez zutelako behar bezain serio hartu. 1950eko ekainean gobernuaren aldetik enplegatzen ziren homosexualen inguruko ikerketa bat jarri zen martxan. Emaitzak ez ziren abendura arte ezagutu, baina bitartean homosexualitate alegazioengatik kaleratzeak ugaritu ziren, batez beste hilean 5etik 60ra. [10] 1959ko apirilaren 19an , Guy Geoge Gabrielsonek, errepublikanoen presidenteak, esan zuen «azken urteetan gure gobernuan infiltratu diren perbertitu sexualak, agian, benetako komunistak bezain arriskutsuak ziren». [17] 1950eko hamarkadan homosexual gehienak «armairuan zeudenez» eta batzuk ezkonduta zeudenez, onartzen zen xantaiari amore emateko aukera handiagoa izango zutela, eta horregatik estatuaren segurtasunerako arriskutzat sailkatu ziren. [18][19] Ironikoki (nahiz eta hamarkada batzuk beranduago arte ez zen publikoki ezaguna izan), McCarthyk Kongresuko bere azpibatzordeko kontseilari burua kontratatu zuen, Roy Cohn, eta nahiz eta une hartan armairuan egon, homosexuala zen. Elkarrekin, McCarthyk eta Cohnek – J.Edgar Hoover FBIko zuzendariaren babes sutsuarekin – gizon homosexual eta funtzionario ziren emakume lesbiana andana bat kaleratzeko ardura izan zuten, bai eta haien aurkarietako asko atxilotzeko ardura ere, homosexualitateari buruzko zurrumurruak erabiliz. [9][20][21] 1953an, Trumanen administrazioaren amaieran, Estatu Departamentuak 425 langile kaleratu zituela jakinarazi zuen, homosexualitate alegazioengatik. [22][23][24] Dean Acheson, Estatu Idazkariak, teorian Estatu Departamentuko langileak defendatu zituen bitartean, McCarthyren pailazokeriei «negozio zikina» deituz, bere aurkako alegazioei sail osoak etantzun zuen homosexualitatea haien alderdietatik ezabatzeko esfortzuak areagotuko zituela esanez. [25]

McCarthyk sarritan homosexualitate akusazioak erabili zituen bere gurutzada antikomunistan ospea kentzeko taktika gisa, sarritan Bigarren izu Gorria eta izu-ikara lilarekin konbinatuz. Behin, kazetariei «McCarthyren aurka joan nahi baduzue, mutilak, komunista edo txupapollaren bat izan beharko duzu» esatera iritsi zen. [26] Historialari batek behintzat argudiatzen du, komunismoa homosexualitatearekin eta ezegonkortasun psikologikoarekin lotzean, McCarthyk erruduntasuna asoziazioz erabiltzen zuela komunismo bidezko ebidentziarik ez zegoenean. [27] Momentuko erretorika politikoak askotan komunistak homosexualekin lotzen zituen, eta publikoaren arteko sinesmen orokorra antzekoa zen, bi taldeak «moralki ahulak» edo «psikologikoki eroak» zirela kontsideratuz, jainkorik ez izateaz gain eta familia tradizionalak arriskuan jartzeaz gain. [28]

Esate baterako, McCarthyk senatuan bi pertsonaren kontra deklaratu zuen, «14. kasua» eta «62. kasua». Haiek «arriskuak» izatea homosexualitatearekin zuzenean lotu zuen. [28] Esan zuen inteligentziako ofizial batek esan ziola «aktibo komunista bakoitza asaldatuta dago mentalki edo fisikoki», eta ziurtzat eman zuen pertsona horiek komunisten aldetik errekrutatuak izan zitezkeela  homosexual gisa, «asaldura mental bereziagatik». [28]

Une horretan Estatu Departamentua homosexualitatez gainezka zegoenez, funtzionario asko ohartu ziren jendeak homosexualak zirela pentsa zezakeela. Askotan pareka ikusteari uko egiten zioten, eta beren heterosexualitatea berretsiz adierazpenak egiten zituzten aurkezten zirenean. Adibidez, langile batek askotan esango luke festetan «Kaixo, fulanito naiz, estatu departamentuarentzat lan egiten dut. Ezkonduta nago eta hiru ume ditut». [9]

Ordena Betearazlea 10450

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1953an, Eisenhower presidenteak agindu hau sinatu zuen, homosexualei gobernu federalean lan egitea debekatzen ziena, segurtasunerako arriskutzat joz. Ondorioz, milaka langile eta militar kaleratu zituzten Estatuko Departamentutik. [29] Beraien enpleguak galtzeaz gain, jendaurrean armairutik irtetera behartuak izan ziren publikoki umiliatuak izan zitezen.  

Gayak, lesbianak eta bisexualak detektatzeko eta desagerrarazteko politika berriak jarri ziren praktikan. Lagun edo senitarteko homosexuala izatea ere arriskutsua izan zitekeen garai horretan [30].

Vietnameko gerrako errekrutamendua egiten ari zen bitartean, gerrara ez joateko asmoz, gizonezko batzuek homosexualak zirela esaten zuten, gizon gayen jarrera zein itxura estereotipatuak imitatuz, zein psikiatren gutunak aurkeztuz. Nahiz eta batzuk libratzea lortu zuten, beste asko errekrutatuak izan ziren, ez baitzegoen nahikoa soldadu. [31]

1973an, epaile federal batek esan zuen sexu-orientazioa ez zela enplegu federal batetik kaleratua izateko justifikazio nahikoa [32]. Hala, 1975etik aurrera gay eta lesbianen lan-eskaerak kontuan hartzen hasi ziren. Dena dela, Ordena Betearazlea 10450 legeak indarrean jarraitu zuen 1955ean Bill Clintonek ezeztatu zuen arte. Haren ordez, “don’t ask, don’t tell” politika ezarri zuen, gayak armadan onartuak izatea baimenduz. [33] Horretaz gain, Clintonek beste agindu betearazle batzuk ere aldatu zituen, enpleguari eta sexu-orientaziori loturikoak, alegia.

Komunismoa «subertsioekin» lotzea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bai homosexualak bai Estatu Batuetako Alderdi Komunistako kideak elementu iraultzailetzat hartzen ziren Estatu Batuetako gizartean, eta elementu horiek anti-teismo ideal berberak zituzten, burgesia eta klase ertaineko morala baztertzen zituzten, eta konformismo falta. Maltzur eta manipulatzailetzat ere hartzen zituzten eta, garrantzitsuagoa, beren onura izango zutela gainerakoen gainetik herritar guztien begietan. [34] McCarthyk ere homosexualitatea eta komunismoa «bizimodu amerikarrerako mehatxu» gisa lotzen zituen. [35] [Homosexualak eta komunistak] euren bilgune, literatura, kode kultural eta leialtasun lotura propioak zituzten azpi-kultura ezkututzat hartzen zituzten. Psikologikoki ahulak edo nahasiak zirenak errekrutatzen zituztela uste zen eta askok uste zuten bi taldeek bat eginda lan egiten zutela gobernuaren aurka joateko. [36] David K. Johnsonek dioenez, estatubatuar zuntz moral idealizatu eta tradizionalik gabe, edozein hiritarrek amore eman lezake homosexualen tentatio immoralen aurrean; eta, azken batean, komunismoak liluratu egin litzake. [9] Homosexualitatea komunismoarekin lotzea tresna politiko egokia izan zen politika homofobo eta diskriminatzaileak aurrera eramateko. Erraza izan zen komunismoari eusteaz arduratutako Kongresu bat konbentzitzea homosexualen mehatxutzat hartzen zenari erantzuteko, Estatu Batuetako kulturaren eta politikaren elementu iraultzaile gisa ikusten baitzuten. Homosexualitatea segurtasun arazoekin lotzen zen eta gobernuko langile gehiago kaleratu zituzten orientazio sexual homosexualagatik, ezkertiarrak edo komunistak izategatik baino. George Chaunceyk zera zioen: «Homosexual ikusezinaren espektroa, komunista ikusezinarena bezala, Gerra Hotzeko Estatu Batuen atzetik zebilen», eta homosexualitatea (eta homosexualak eurak inplikazioz) gaixotasun gisa ez ezik, inbasio gisa ere kalifikatzen zen etengabe, komunismoaren eta subertsiboen arriskua bezala. [37]

Naoko Shibusawaren arabera, mundu osoaren eta Estatu Batuek bertan jokatzen zuten rolaren ikuspegien ondorioz, gayekiko beldurra eta gorrotoa areagotu egin ziren aldi hartan. [4] Shibusawak adierazten du homosexualitateak suposatzen zuen ustezko mehatxu gero eta handiagoa ekonomia politiko lehiakideek erabili zutela, eta elementu ideologiko batek osatu zuela, gerraosteko Estatu Batuetan izualdi lilak sortu zuen homofobia-boladak eraginda. Sexualitateari buruzko nozioak munduan ikuspuntuak sortu, harremanak zehaztu eta ekintza gidatu zuten narratiben parte ziren; [4] balizko traidore gayei buruzko asaldura, gainera, estatubatuar zibilizazioa modernitatea olatua bereizteko ahaleginetatik zetorren, ez bakarrik sobietarrengandik, baita mundu deskolonizatutako «masengandik» ere. [4] Shibusawaren arabera, Ilustrazioaren ostean, estatubatuarrak konbentzituta zeuden gainbehera morala saihetsezina zela, eta uste zuten aurrerapen eta modernitate gehiegik gaizki bukatzen zutela. Beraien ustez homosexualitatearen areagotzea gain-zibilizazioaren adierazgarri zen. [4] Shibusawak dio esparru inperialistan botere-hierarkiek sexualitatea erabiltzen zutela pertsona zibilizatuen eta ez zibilizatuen artean bereizteko. XX. mendearen erdialderako, arrazoiketa horiek teoria freudiarrarekin justifikatzen ziren, eta nahiz eta teoria ideologiko bat izan, zientzia objetibo gisa hartzen zuten. [4] Hori dela eta, askok uste zuten Estatu Batuek funtsezko rola zutela lehen Europako inperioen botereak kontrolatutako mundu globala egonkortzeko, eta hori diskurtso publikoan behin eta berriro agertu zen. Hori agerikoa dela dio, ez prentsan bakarrik, baita zabal hedatutako beste argitalpen batean ere, Reader’s Digest-en, Gerra Hotzaren garaian helburu pedagogiko, nazionalista eta internazionalistak zituena. [4]

Kenneth Wherry senataria ere homosexualitatearen eta anti-nazionalismoaren arteko lotura argudiatzen saiatu zen. Max Lernerrekin elkarrizketa bat egin zuela esan zuen: «Ezin dituzu homosexualak subertsioetatik bereizi». Lerro bat marraztu zuen estatubatuarraren eta gizon gayen artean: «Hara, Lener, biak gara estatubatuarrak, ezta? Nik diot atera ditzagun tipo hauek (gobernuan posizioak zituzten armairuan zeuden gizon gayak) gobernutik». [38]

«Homintern» terminoa 1930eko hamarkadan sortu zen, ziur aski Cyril Connolly, W.H. Auden, edo Harold Norse, «Comintern» terminoarekin jolastuz. Munduan artea kontrolatzen zuten gizon gayen irudizko talde bat deskribatzeko erabili zen lehen aldiz, eta, aurrerago, «mundua kontrolatzen saiatzen zen nazioarteko gay fantastiko» baten erreferentzia gisa. 1952an, R. G. Waldeck-en artikulu batek argudiatzen zuen konspirazio hori benetako arrazoi garrantzitsua izan zela pertsona homosexualak Estatu Departamentutik kanporatzeko, xantaia egiteko aukera baino garrantzitsuagoa, eta haren artikulua Kongresuko erregistroan sartu zen eta beste batzuek aipatu dute. [4] Mattachine Sociaty Harry Hay Ameriketako Estatu Batuerako alderdi komunistako kideak sortu zuen, baina elkartea utzi egin zuen kideek adierazi zutenean bere afiliazio politikoa arriskutsua zela berak sortutako erakundearentzat. [39]

Ikerketen azpibatzordea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikerketen Azpibatzordea, Sail Exekutiboetako Gastuen Batzordearen azpibatzorde bat zen. Azpibatzorde horren buru izan zen 1949 eta 1952 artean Clyde R. Hoey, senatari demokrata, eta "homosexualek plantilla federalean zuten erabilera" ikertzen zuen. [40] Horrekin zerikusia zuen txosten batek, Hoey txostena izenekoak, gobernuaren inteligentzia-agentzia guztiak " gobernuko perbertitu sexualek arriskua suposatzen zutela segurtasunerako guztiz ados zeudela»" ezartzen zuen. [9] Wherry-Hill Batzordearen Hoeyren ikerketak martxoa eta maiatza eta 1950eko uztaila eta iraila bitartean egin ziren. Kenneth Wherry senatari errepublikanoak eta Lester Hill demokratak azpibatzorde bat osatu zuten «Estatu Batuetako Gobernuaren adar exekutiboan subertsiboen eta perbertitu moralen infiltrazioari» buruzko aurretiazko ikerketa bat egiteko. [41] Wherry-Hill ikerketaren ezein erregistrok ez zuen iraun prentsaren estalduratik eta argitaratutako bi txostenetatik haratago. [28] Horietako batek Polizia Metropolitanoaren zuzendariaren, Roy Blick tenientearen, adierazpenak jasotzen zituen, zeinak aditzera eman baitzuen 5.000 homosexual bizi zirela Washington D. C.-n, eta 3.700 inguru langile federalak zirela. [28] Blick tenientearen iruzkinak, kasurik onenean espekulazio hutsa zirenak, gobernuko gayei buruzko eztabaidaren inguruko ekaitz mediatikoak bultzatua; Wherry-Hill atariko ikerketak Senatua konbentzitu zuen eskala handiko ikerketa bat abiarazteko.

Clyde Hoey senatariak zuzendutako Sail Exekutiboetako Gastuen Batzordeari esleitu zitzaion ikerketa, eta Senatuak aho batez baimendu zuen langile federalen sexu-perbertsioari buruzkoa. Haserrea areagotzen ari zela, senatari bakar bat ere ez zen ausartu bere karrera politikoari aurka egiten eta arriskuan jartzen. [9] «Homosexualen enplegua eta beste perbertitu sexual batzuk gobernuan» ikertu bitartean, azpibatzordea ezaguna egiten hasi zen Hoey batzode gisa. Gainera, nahiz eta Trumanen Etxe Zuria ikerketaren metodologiaren eta prozesuaren kudeaketa horretan oso inplikatuta egon zen, ikerketaren atzean egon zen aholkulari nagusia Flanagan izan zen, FBIko agente ohia izan zen. [42] Hoey batzordeak kontsulta egin eta testigantza eman zien legearen botereari, agintari judizialei, armadari, segurtasun sailari eta mediku adituei. Homosexualitatearen sekretuak zabaltzeko xantaia egin zuen edozein langile federalen frogak aurkitu beharrean, eta ikerketaren bidez iritzi ezberdinak aurkitu zituen, gobernu barruan barne,  homosexualak baztertzeko politika federalari buruz zein atzerriko gobernuetako agenteak homosexualei xantaia egiten saiatu ote ziren.[9]

Hoey batzordearen txostena urte hartako abenduaren erdialdean argitaratu zen, eta jasotako testigantzetan zeuden anbiguotasunak alde batera utzi zituen. Txostenak irmo baieztatu zuen «ez zegoela lekurik Estatu Batuetako gobernuan onartutako moraltasun-estandarrak edo legeak urratzen zituzten pertsonentzat», bereziki «gobernu federalaren ospeari kalte egiten ziotenentzat, jokabide eskandalagarri edo zitalengatik». Halaber, ondorioztatu zuen gay eta lesbianek ez zutela gaitasunik gobernu federalean aritzeko, «segurtasun-arriskuak» zirelako, eta gauza bera aplikatzen zitzaiela jarduera ilegal edo ez-moraletan aritzen ziren beste pertsonei ere. [43] Batzordeak, gainera, armadaren politika eta prozedurak eredutzat hartzea gomendatu zuen: politika zehatzak, prozedura estandarizatuak, aplikazio uniformea, etengabeko zaintza eta segurtasun-indarren arteko koordinazioa, arlo horietan armadak aurrekari argia ezarri baitzuen. Are gehiago, Hoey batzordeak azpimarratu zuen iraganean gobernu federalak «perbertsio sexualaren arazoari buruzko ikuspuntu errealista» izan zuela, eta «interes publikoa» behar bezala babesteko, beharrezkoa zela jarrera «errealista eta zaintzailea» hartzea eta mantentzea gai horren aurrean. [44]

Wherry-Hill eta Hoey batzordeen ikerketen ondorioek lagundu zuten izualdi lila errepublikanoen diskurtso hutsetik harago eramaten, eta bi alderdiek babestutako estrategia bateratu batera iristen: enplegu federaletik gay eta lesbianak sistematikoki baztertzea, berehala gobernu-politika estandar bihurtu zena. [44] Bi batzorde horien helburua eta, neurri handi batean, lorpena izan zen ideia hau finkatzea: homosexualak, bai armadan bai gobernu federalean, segurtasunerako arriskutsuak zirela, eta, bakarka zein alderdi komunistako kideekin elkarlanean, nazioaren segurtasuna mehatxa zezaketela. [45]

Cohnek G. David Schine kontratatu zuenean, McCarthyren langileen aholkulari-buru gisa, zabaldu zen bien artean harreman sexuala egon zitekeelako susmoa. [46] [47] Army–McCarthy auzietan, Cohnek ukatu egin zuen Schinerekin «interes berezirik» zuenik edo «lagun arrunt batengandik harago» hurbiltzen zenik. [47] Bista horietan bertan, armadaren abokatu zen Joseph Welchek zeharka aipatu zuen Cohnen homosexualitatea: Lekuki bati, McCarthyk eskatuta, galdetu zionean ea «iratxo batetik zetorren» izeneko argazki batek «iratxo maitagarri baten ahaide» gisa definitzen ote zuen, une hartan «iratxo» kamera-modelo baten izena bazen ere, «maitagarri» terminoarekin egindako loturak —garaian gay pertsonentzat erabiltzen zen irainarekin— esanahi argiak zituen. Aretoan zeudenek ulertu zuten iraina eta barre egin zuten; Cohnek, berriz, iruzkina «maltzurra», «gaiztoa» eta «lotsagabea» izan zela adierazi zuen geroago. [47]

Bestalde, McCarthyk Cohnekin zuen harreman estuak ere susmoak piztu zituen: batzuek uste zuten bien artekoa ez zela harreman profesional hutsa, edo are Cohnek McCarthy xantaia zezakeela. [48] Lehenago, 1952an, Hank Greenspun Nevadako editoreak idatzi zuen McCarthyk «maiz parte hartzen zuela jokabide homosexualetan», eta sarritan ikusten zutela White Horse Inn izeneko tabernan, Milwaukeeko gay giroko lokal batean. McCarthyri buruzko FBIren artxiboek ere hainbat salaketa jasotzen dituzte; horien artean, 1952ko gutun batean, armadako teniente batek zioen McCarthyk Washingtonen Wardman hoteleko tabernatik bere etxera eraman zuela eta, erdi mozkortuta zegoela, sexu-erasoa egin ziola. J. Edgar Hooverrek salaketa horren inguruko azaleko ikerketa bat egin zuen, baina bere ondorioa izan zen salaketak «homosexualek McCarthyren aurka zuten jarreraren» ondorio zirela, honek gobernuan omen zeudenen aurka egindako kanpainagatik. [49]

Azkenik, C. A. Tripp idazleak eta Kinsey Institutuko ikertzaileak The Homosexual Matrix lanean McCarthy «nagusiki homosexual» gisa deskribatu zuen, eta haren —eta Cohnen— Izu lilaren aldeko jarrera azaldu zuen, zenbait juduk beren buruarekiko izan dezaketen antisemitismoarekin parekatuz.

Homosexualitatearen ikuspegi garaikidea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Washington D. C.-k bazuen jada gay komunitate zabal eta aktibo bat McCarthyk homosexualen aurkako kanpaina hasi aurretik; hala ere, denborarekin eta Gerra Hotzeko giroa gogortzen joan ahala, homosexualei buruzko ikuspegi negatiboak ere areagotu egin ziren. [50] Gizartearen jarrera orokorra erabat kontrakoa zen, eta komunitate psikiatrikoak homosexualitatea buruko gaixotasuntzat hartzen zuenez, uste zen gay eta lesbianak xantaia bidez manipulatu zitezkeela eta, ondorioz, segurtasun-arriskua zirela. Testuinguru horretan, Estatu Batuetako gobernuko funtzionario askok sinesten zuten komunistek langile federal homosexualak presionatu ahal izango zituztela informazio konfidentziala eskuratzeko, beren orientazioa agerian gera ez zedin. [51] Hala ere, 1957ko Crittenden Report txostenak —Estatu Batuetako Armadaren barruko ikerketa batean oinarritua— ondorioztatu zuen ez zegoela «oinarri arrazoizkorik homosexualak segurtasun-arriskuak zirela pentsatzeko», eta aurreko Hoey txostena kritikatu zuen, azpimarratuz inteligentzia-agentziek ez ziotela inolako froga zehatzik eman ondorio horiek babesteko; txostenak berak ere zioen «homosexualak berez segurtasun-arrisku direla dioen ideia ez dagoela datu sendoetan oinarrituta». [29] Armadako arduradunek adierazi zuten ez zutela halako ikerketen berri, baina abokatuek dokumentuaren existentzia jakin zuten eta kopia bat lortu zuten Informazio Askatasunari buruzko Legearen bidez egindako eskaera bati esker (ingelesez: Freedom of Information Act). [52] [53] Hala ere, 1981eko iraileraino, armadak onartu zuen oraindik ez zela gai txosten horren oinarrian zegoen informazioa guztiz emateko. [54] [55]

Shibusawak dio Izualdi lilaren logika zirkularra zela: homofobiak berak bihurtzen zituen gayak zaurgarri eta, ondorioz, xantaiarako helburu erraz; baina, aldi berean, garaiko politika homofoboek are gehiago handitzen zuten zaurgarritasun hori. Hala ere, gayei zuzendutako bazterketa soziala murriztea —haien ustezko leialtasun faltari aurre egiteko modu gisa— ez zen inoiz serio aztertu. Gainera, Shibusawak azpimarratzen du ez zuela benetako garrantzirik gobernuko edo armadako funtzionario gay batek benetan traiziorik egin ote zuen ala ez; nahikoa zen homosexualitatea eta balizko desleialtasuna lotzea, bien arteko muga lausotzeko. [4] Beste modu batean esanda, haren ustez, traidorea identifikatzea posible balitz, horrek ez luke traiziorik egingo; paradoxa horri aurre egiteko, gobernu federalaren segurtasun-arauek “traizioa” beste jokabide susmagarri edo gaitz ageriko batzuen ondorio gisa ulertzen saiatu ziren. Horrela, Estatu Departamentuak logika bati jarraitzen zion: desiragarritzat jotzen ez ziren ezaugarri guztiak modu berean tratatzea, nahiz eta sailkapen horiek askotan ilogikoak izan. [4]

Gobernutik kanpo, homosexualitatearekiko jarrera apur bat lasaiagoa zen, baina ez horregatik positiboagoa. Oro har, Westbrook Pegler bezalako idazle satirikoek zabaldu zituzten Estatu Departamentuan homosexualitatea nagusitzen zenaren inguruko txisteak. [9] Txiste horiek, azkenean, Estatu Departamentuaren izena homosexualitatearekin lotzera eraman zuten, eta estatubatuarren beldurra islatu zuten: erakundea “biguntzen” eta ahultzen ari zenaren pertzepzioa.

Estatu Batuetako Izu lila garaiko homosexualitatearekiko ikuspegi orokorrari dagokionez, adierazgarriak izan ziren gayen ustezko mehatxu moralari lotutako espazio publikoak “garbitzeko” saiakerak. Horren adibide izan zen “Pervert Elimination Campaign” deiturikoa (perbertsioa ezabatzeko kanpaina). 1947ko urriaren 1ean, polizia-unitateek gizon gayak atxilotzen hasi ziren Columbiako barrutiko hainbat parketan cruising-a egiten zen eremuetan. [56] Kasu askotan epaiketara eramateko nahikoa frogarik ez bazuten ere, atxiloketak egiten zituzten pertsonen “erregistroetan” sartzeko, eta horrela prozesua bera instituzionalizatu zen neurri batean. [56] Praktika horrek adin guztietako gizonei eragin zien: 1950erako, ehunka gizon atxilotu zituzten, eta beste askori atxiloketa formalik gabe ere identifikazio eta erregistro prozesuak aplikatu zizkieten kanpaina horren ondorioz. [57] Gobernuarentzat lan egiten zuten homosexualak Estatuaren segurtasunerako mehatxuarekin lotzen ziren zuzenean —atxilotuen artean funtzionario publiko asko baitzeuden—, eta horrek erakusten du fenomenoa ez zela soilik administrazioarekiko kezka isolatu bat, baizik eta gizarte-mailako beldur zabalago baten parte.

John Loughery 20. mendeko gay-identitateari buruzko ikerketaren egilearen arabera, «gertakari gutxik erakusten dute 1950eko hamarkadako Amerika zenbateraino zegoen psikologikoki nahasia... mehatxu komunista eta homosexualaren ustezko gainjartzeak baino» [34].

Evelyn Hookerrek 1956an argitaratutako ikerketak erakutsi zuen, lagin “kutsaturik” (hau da, gaixotasun mentalagatik tratatutako paziente homosexualak soilik) erabili gabe lehen aldiz, ez zegoela korrelaziorik homosexualitatearen eta buruko gaixotasunaren artean, aurreko ikerketek iradokitzen zutenaren kontra. Hookerrek 60 profil psikologiko aurkeztu zizkion hiru ebaluatzaile adituz osatutako talde bati, eta emaitzen interpretazioa haien esku utzi zuen, ahalik eta alborapen txikiena bermatzeko. Ebaluatzaileek ondorioztatu zuten ez zegoela desberdintasun esanguratsurik bi taldeen artean. Hortik aurrera, homosexualitatea ez zen berez buruko gaixotasuntzat hartu, eta horrek bidea ireki zuen Ameriketako Estatu Batuetako Psikiatria Elkarteak bere diagnostiko katalogotik kentzeko.

Emakume eta gizonen esperientziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Johnsonek dio lesbianek, oro har, homosexualek baino jazarpen-arrisku txikiagoa zutela, “tradizionalki espazio publikoan gizonek baino presentzia txikiagoa izan dutelako eta, ondorioz, atxiloketaren eta jazarpenaren aurrean ez zirelako hain ikusgarriak edo kalteberak”. [58] Hala ere, gobernuaren egituretan aritzen ziren emakumeek ere jazarpen zuzena jasan zuten: adibidez, Madeleine Tress, Estatu Batuetako Merkataritza Departamentuan lanean ari zena, 1958ko apirilean galdeketa zorrotzak jasan zituen bere sexualitateari buruz, eta azkenean bere gaztaroko jarduera homosexuala aitortu zuen; horren ondorioz, dimisioa ematera behartu zuten. [59] Antzeko kasuak beste departamentu batzuetan ere gertatu ziren, hala nola Helen G. Jamesen kasuan, zeinak bere bizitza pribatuari buruzko galdeketa sakonak jasan zituen, bai Ikerketa Berezien Bulegoaren barruan bai kanpoan; gainera, ikertzaileek bere familia eta lagunei informazioa zabaltzeko mehatxua egin zuten, eta azkenean Aire Armadatik irtetea sinatzera behartu zuten. [60]

Testuinguru horretan, gay eta lesbianak lurpeko komunitateetara bultzatu zituzten, gobernuaren susmo eta ikerketa etengabeen ondorioz. Askotan, segurtasun-egiaztapenetan ere, beren egoera ezkutuan partekatzen zuten beste pertsona batzuek identifikatzen zituzten. [61] Horren ondorio sozial eta pertsonalak handiak izan ziren: pertsona ezezagun kopuru batek, lanetik kanporatuak eta estigma sozialari aurre eginez, isolamenduari, lotsari eta langabeziari aurre egin behar izan zion, eta kasu batzuetan bere buruaz beste egiteraino eraman zuen egoerak. [62] Horrek argi uzten du jazarpen sistematiko horrek eragin handia izan zuela haien ongizate psikologikoan eta bizi-baldintzetan.

Erresistentzia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Frank Kameny

Frank Kameny, gayen eskubideen aldeko mugimenduko lehen kide eta eraginkorrenetako bat, 1957an kaleratu zuten bere orientazio sexualagatik. Astronomo gisa lan egiten zuen Estatu Batuetako Mapa Zerbitzurako, baina kaleratu egin zuten Izu-ikara Lilan, eta ez zuen inoiz beste lanik lortu Estatu Batuetako gobernu federalean. Horren ondorioz, Kamenyk bere bizitza LGTBI kolektiboaren aldeko aktibismoari eskaini zion. 1965ean, Stonewalleko Istiluak baino lau urte lehenago, Kamenyk pikete bat egin zuen Etxe Zurian LGBTI kolektiboaren eskubideen alde.

Kameny funtsezkoa izan zen 1960an Mattachine Society of Washington (MSW) ezartzeko. Gainerako Mattachine Societies Kalifornian eta Estatu Batuetako beste leku batzuetan 1950ean ezarriak zeudenen aurrean, Kamenyren MSWak kultura heterosexualaren asimilaziotik haratago zihoazen balioak zituen. [63] Neurri batean, balio horiek Kamenyk Izualdi Lilaren garaiko politika diskriminatzaileetan izandako esperientzietatik eratorriak ziren.

[63]Kamenyren ondoan MSWren sortzaileetako bat zegoen, Jack Nichols. Nichols bereziki interesgarria zen, izen bereko FBIko agente baten semea baitzen. Douglas Charlesek xehetasunez idatzi du bere harremanari buruz, eta nola Nicholsen sexualitateak FBIri eragin ziezaiokeen lotsak bien arteko harremana suntsitu zuen. [63] Horrek erakusten du oposizioaren izaera. Horrek erakusten du gobernuaren erakundeen eta homosexualen eskubideen defentsaren arteko aurkakotasuna garai hartan, eta nola aldarte hori argi eta garbi filtratu zen eragiten zien pertsonen bizitzetan, baita, Nichols bezala, «Izualdi Lila»ren biktima izan ez zirenen eta haien okupazioa galdu ez zutenen bizitzetan ere. [63]

Lillian Fadermanen arabera, LGBT komunitateak azpikultura propio bat osatzen zuen une hartan, eta «ez bakarrik orientazio sexualeko aukera bat, baizik eta orientazio sozialeko aukera bat» zen. [64] Estatu Batuetako mugimendu homofiloak osatzen zituzten Mattachine Society eta Daughters of Bilitis delakoak modu handi batean makartismoak eta izu-labandak determinatu zituzten. Ezkutuko erakundeak ziren, eta beren kideen anonimotasuna mantentzen zuten. [34]

San Frantziskoko zortzi lesbianek osatutako talde batek Daughters of Bilitis izeneko taldea eratu zuen 1955eko irailean. Hasieran, «beste lesbiana batzuekin espazio seguru batean topo egiteko eta elkarreragiteko» modu gisa eratu zuten. [65] Geroago, homosexualitatea kriminalizatzen zuten legeak aldatzeko borrokan hasi ziren.

Homosexualen aldeko mugimendua, Daughters of Bilitis eta Mattachine Society barne, 1960ko hamarkadaren amaierako eta 1970eko hamarkadaren hasierako gay eta lesbianen askapen-mugimenduen aurrekaritzat jotzen da.

Herri-kulturaren aldaketek, halaber, gizartearen izaera homofoboaren aurkako erresistentzia areagotzea ekarri zuten. Fikziozko idazleek, hala nola John Horne Burns, Truman Capote, Charles Jackson, Carson McCullers, Thomas Hal Phillips, Jo Sinclair, Tereska Torrès, edo Gore Vidalek, homosexualitatearekiko etsaitasun kolektiboa zalantzan jartzera eraman zituzten irakurleak. Homokritizismoa nagusi bihurtu zen beefcake aldizkariak argitaratuz. 1949an, Cosmopolitanek The Unmentionable Minority (gutxiengo izendaezina) izeneko artikulua argitaratu zuen, homosexualek aurre egin beharreko borrokari buruzkoa.

Nahiz eta makartismoaren funtsezko bultzada 1950eko hamarkadaren erdialdean amaitu zen, 1956ko kasuaren epaiak, Cole v. Young-ek, gobernu federalak pertsonak arrazoi diskriminatzaileengatik kaleratzeko aukera zaildu zuenean, [66] Izualdi Lilarekin abian jarritako mugimenduak aurrera jarraitu zuen. Hori izan zen, adibidez, 10450 Agindu Betearazlearen kasua, 1995era arte indarrean jarraitu zuena, gayei armadan sartzea debekatzen jarraitu zuena. [33] Beste tresna bat, Izualdi Lilarena, Floridako Ikerketa Batzorde Legegilea izan zen, FLIC edo Johns Batzordea bezala aipatzen zutena. FLIC 1956an sortu zen eta ez zen 1964ra arte desegin. Batzorde honen helburua Floridan lan egitea zen, Izualdi Lilaren lanarekin jarraituz, gay izateagatik eskola publikoetako irakasleak ikertu eta kaleratuz. Jardunean egon zen urteetan, ustez gay ziren 200 irakasle baino gehiago kaleratu zituen FLICk. FLIC desegin egin zen Panfleto Purpura zabaldu ondoren, bere izaera esplizitu eta pornografikoa sortu zuen amorruaren ondorioz.

Era berean, LGBT kolektiboari buruzko jarrera garaikidea Izu-labandaren inguruan sortu zela iradoki da. «Perbertituak desagerrarazteko kanpainak» eta espazio publikoetan gizon gayak kriminalizatzeak erakusten dute Izualdi Lilan LGBT kolektiboarekiko jarrerak intolerantziarantz jo zuela espazio publikoetan. [67] Brandon Andrew Robinsonek planteatu du LGBT kolektiboa espazio publikoetan kriminalizatzeak eragina izan duela gaur egun AEBetan kolektibo hori dagoen moduan. [68] Robinsonek adierazi du LGBT kolektiboaren onarpena Estatu Batuetako erakunde heteronormatiboak asimilatzeko duen gaitasunaren mende dagoela, neurri batean LGBT kolektiboarekiko Izualdi Lilaren ilusioetan esfera publikoan garatutako intolerantziaren ondorioz. [68]

2017ko urtarrilean, Estatu Departamentuak barkamena eskatu zuen formalki, Ben Cardin senatariaren iradokizunari jarraituz. Cardinek adierazi zuen, halaber, estatuko departamentuak 1990. urtera arte jarraitu zuela gobernuko langileen homosexualitateari buruzko ikerketak egiten. [69]

The Lavender Scare, Josh Howardek zuzendua eta Glenn Closek kontatua, izu-lila garaian gertatu zena kontatzen duen dokumentala da. David K. Johnson proiektuaren parte izan zen, dokumentala bere liburuan oinarritzen baita. Hori finantzatzen laguntzeko, Josh Howardek Kickstarter (mezenasgo plataforma) bat sortu zuen, dohaintzak egiteko helburua bete zuena. Dokumentala mundu osoko 70 zinema-jaialditan baino gehiagotan egin eta erakutsi zen, baita New Yorkeko eta Los Angelesko aretoetan ere 2019an. PBS kate publikoak telebistan zabaldu zuen 2019ko ekainaren 18an.

Kultura herrikoian

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Thomas Mallonen 2007ko eleberrian oinarritzen den, 2016ko Fellow Travelers opera, McCarthyren garaian kokatua dago. Bertan gobernu federalarentzat lan egiten duten bi gizonen arteko maitasun istorioa kontatzen da.

2019ko telesailak istorio alternatibo bat erakusten du, For All Mankind, eta NASAko bi langile ditu protagonista, izualdi lilatik ihes egin eta bikote izan nahi dutenak.

Thomas Mallonen 2007ko eleberrian oinarritutako 2023ko Fellow Travelers minisaila hainbat hamarkadatan zehar makartismoaren une gorenean elkar ezagutu zuten bi gizonen arteko maitasunean oinarritzen da.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. El libro de la historia LGTBIQ+. Akal, 166 or. ISBN 978-84-460-5442-9..
  2. «Interview with David K. Johnson, author of The Lavender Scare: The Cold War Persecution of Gays and Lesbians in the Federal Government» press.uchicago.edu (kontsulta data: 2026-04-28).
  3. David K. Johnson. (2004-01-01). The Lavender Scare. University Of Chicago Press ISBN 978-0-226-40481-3. (kontsulta data: 2026-04-28).
  4. 1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 Shibusawa, Naoko. (2012). «The Lavender Scare and Empire: Rethinking Cold War Antigay Politics» Diplomatic History 36 (4): 723–752. ISSN 0145-2096. (kontsulta data: 2026-04-28).
  5. «Interview with David K. Johnson, author of The Lavender Scare: The Cold War Persecution of Gays and Lesbians in the Federal Government» press.uchicago.edu (kontsulta data: 2026-04-28).
  6. Whitfield, Stephen J.. (1991). The culture of the cold war. Baltimore : Johns Hopkins University Press ISBN 978-0-8018-4081-4. (kontsulta data: 2026-04-28).
  7. Everett Dirksen and His Presidents: How a Senate Giant Shaped American Politics. University Press of Kansas, 48-49 or..
  8. (Ingelesez) «Lavender lads, baritone babes | Advocate.com» www.advocate.com (kontsulta data: 2026-04-28).
  9. 1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 Johnson, David K.. (2004). The Lavender Scare. Chicago: The University of Chicago Press ISBN 9780226401904..
  10. 1 2 Stein, Marc. (2012). Rethinking the Gay and Lesbian Movement. Taylor & Francis ISBN 978-1-280-77657-1..
  11. (Ingelesez) Bérubé, Allan. (1990). Coming out under fire: the history of gay men and women in World War Two. The Free Press, 10 or. ISBN 978-0-7432-1071-3..
  12. (Ingelesez) Bérubé, Allan. (1990). Coming out under fire: the history of gay men and women in World War Two. The Free Press, 11 or. ISBN 978-0-7432-1071-3..
  13. (Ingelesez) Swenson, Kyle. (2018-01-11). «The Air Force expelled her in 1955 for being a lesbian. Now, at 90, she’s getting an honorable discharge.» The Washington Post ISSN 0190-8286. (kontsulta data: 2026-04-29).
  14. (Ingelesez) Bérubé, Allan. (1990). Coming out under fire: the history of gay men and women in World War Two. The Free Press, 258 or. ISBN 978-0-7432-1071-3..
  15. 1 2 «Homosexuals in government, 1950» writing.upenn.edu (kontsulta data: 2026-04-29).
  16. Thailand: Smiling Jack. Time.
  17. (Ingelesez) Times, Special to THE New York. (1950-04-19). «PERVERTS CALLED GOVERNMENT PERIL; Gabrielson, G.O.P. Chief, Says They Are as Dangerous as Reds--Truman's Trip Hit Gabrielson Warns Industry» The New York Times ISSN 0362-4331. (kontsulta data: 2026-04-29).
  18. «Historian David K. Johnson: Exposes the U.S. Government�s Anti-Gay Crusades» www.glapn.org (kontsulta data: 2026-04-29).
  19. (Ingelesez) «Today in history: State Department reveals purge of 91 homosexuals» Daily Kos 2012-02-28 (kontsulta data: 2026-04-29).
  20. McDaniel, Rodger E. (Rodger Eugene). (2013). Dying for Joe McCarthy's sins : the suicide of Wyoming Senator Lester Hunt. Cody, Wyoming : WordsWorth ISBN 978-0-9830275-9-1. (kontsulta data: 2026-04-29).
  21. White, William S.. (1950). Inquiry by Senate on Perverts Asked. The New York Times.
  22. «The Legacy of Discriminatory State Laws, Policies, and Practices, 1945 - Present» williamsinstitute.law.ucla.edu (Williams Institute) (kontsulta data: 2026-04-29).
  23. «126 Perverts Discharged» The New York Times.
  24. Bernard, Lauren B.. (2014). Something Changed: The Social and Legal Status of Homosexuality in America as Reported by The New York Times. Honors Theses, 357 or..
  25. The Lavander Scare. Chicago: The University of Chicago Press, 71 or. ISBN 9780226401904..
  26. Cuordileone, K. A.. (2000). Politics in an Age of Anxiety: Cold War Political Culture and the Crisis in American Masculinity 1949-1960. The Journal of American History, 515-545 or..
  27. (Ingelesez) Damousi, Joy; Plotkin, Mariano Ben. (2012-02-02). Psychoanalysis and Politics: Histories of Psychoanalysis Under Conditions of Restricted Political Freedom. Oxford University Press ISBN 978-0-19-992316-8. (kontsulta data: 2026-04-29).
  28. 1 2 3 4 5 (Ingelesez) Adkins, Judith. (2016). «“These People Are Frightened to Death”» National Archives: 6-20. (kontsulta data: 2026-04-29).
  29. 1 2 (Ingelesez) Bérubé, Allan. (1990). Coming out under fire: the history of gay men and women in World War Two. The Free Press, 269 or. ISBN 978-0-7432-1071-3..
  30. (Ingelesez) «The Lavender Scare: The Cold War Persecution of Gays and Lesbians in the Federal Government» outhistory.org (kontsulta data: 2026-04-29).
  31. (Ingelesez) Shibley, Natalie. (2020-08-04). «Psychiatry and Homosexuality Draft Exemptions during the Vietnam War» Nursing Clio (kontsulta data: 2026-04-29).
  32. (Ingelesez) «SINGER v. UNITED STATES CIVIL SERVICE COM'N, No. 74-2073. | 9th Cir., Judgment, Law, casemine.com» https://www.casemine.com (kontsulta data: 2026-04-29).
  33. 1 2 Clinton Issued Order Letting Gays Get Security Clearances 16 Years Ago Today. ThinkProgress.
  34. 1 2 3 Prono, Luca. McCarthyism. .
  35. Carlson, Dennis. (1997). "Gayness, multicultural education, and community." Beyond black and white: New faces and voices in the U.S. Schools. , 233-256 or..
  36. «Interview with David K. Johnson, author of The Lavender Scare: The Cold War Persecution of Gays and Lesbians in the Federal Government» press.uchicago.edu (kontsulta data: 2026-04-29).
  37. (Ingelesez) Field, Douglas. (2005). American Cold War Culture. Edinburgh University Press ISBN 978-0-7486-1923-8. (kontsulta data: 2026-04-29).
  38. Lerner, Max. (1959). The Unfinished Country: A Book of American Symbols. Simon and Schuster, 313-316 or..
  39. Faderman, Lillian; Timmons, Stuart. (2006). Gay L.A. : a history of sexual outlaws, power politics, and lipstick lesbians. New York : Basic Books ISBN 978-0-465-02288-5. (kontsulta data: 2026-04-29).
  40. U.S. Senate. Committee on Expenditures in Executive Departments. (04/18/1921 - 03/03/1952). Executive Session Hearing of the Subcommittee on Investigations. (kontsulta data: 2026-04-29).
  41. (Ingelesez) Bérubé, Allan. (1990). Coming out under fire: the history of gay men and women in World War Two. The Free Press, 264 or. ISBN 978-0-7432-1071-3..
  42. Johnson, David K.. (2004). The Lavander Scare. Chicago: The University of Chicago Press, 103 or. ISBN 9780226401904..
  43. Charles, Douglas M.. (2015). Hoover's War on Gays: Exposing the FBI's "Sex Deviants" Program. Lawrence,KS: The University Press of Kansas, 94 or. ISBN 9780700621194..
  44. 1 2 Charles, Douglas M.. (2015). Hoover's War on Gays: Exposing the FBI's "Sex Deviants" Program. Lawrence, KS: The University Press of Kansas, 95 or. ISBN 9780700621194..
  45. Bérubé, Allan. (1990). Coming out under fire: the history of gay men and women in World War Two. The Free Press, 267 or. ISBN 978-0-7432-1071-3..
  46. Wicker, Tom. (2006). Shooting star : the brief arc of Joseph McCarthy. Orlando : Harcourt ISBN 978-0-15-101082-0. (kontsulta data: 2026-04-29).
  47. 1 2 3 Miller, Neil. (2005). Out of the Past: Gay and Lesbian History from 1869 to the Present. Los Ángeles, California ISBN 978-1-55583-870-6..
  48. Nichols, David A. (David Allen). (2017). Ike and McCarthy : Dwight Eisenhower's secret campaign against Joseph McCarthy. New York : Simon & Schuster ISBN 978-1-4516-8660-9. (kontsulta data: 2026-04-29).
  49. (Ingelesez) «Sen. Joseph (Joe) McCarthy Part 03» FBI (kontsulta data: 2026-04-29).
  50. Johnson, David K.. (2004). The Lavender Scare. The University Press of Chicago, 2 or. ISBN 9780226401904..
  51. Ayyar, Raj. (2004). Historian David K. Johnson: Exposes the U.S. Government's Anti-Gay Crusades. Gay Today.
  52. Gibson, E. Lawrence. (1978). Get Off My Ship: Ensign Berg vs. the U.S. Navy. New York: Avon: Vernon E. Berg III (illustrations), 356-367 or..
  53. (Ingelesez) Bérubé, Allan. (1990). Coming out under fire: the history of gay men and women in World War Two. The Free Press, 278 or. ISBN 978-0-7432-1071-3..
  54. (Ingelesez) Bérubé, Allan. (1990). Coming out under fire: the history of gay men and women in World War Two. The Free Press, 283 or. ISBN 978-0-7432-1071-3..
  55. Haggerty, Timothy. (2003). History Repeating Itself: A Historical Overview of Gay Men and Lesbians in the Military Before 'Don't Ask, Don't Tell'. , 9-49 or. ISBN 9781588261212..
  56. 1 2 Johnson, David K.. (2009). The Lavender Scare: The Cold War Persecution on Gays and Lesbians. University of Chicago Press, 59 or. ISBN 9780226401966..
  57. Johnson, David K.. (2009). The Lavender Scare: The Cold War Persecution of Gays and Lesbians. University of Chicago, 59-60 or. ISBN 9780226401966..
  58. Johnson, David K.. (2004). The Lavender Scare. Chicago: The University of Chicago Press, 155 or. ISBN 9780226401904..
  59. Johnson, David K.. (2004). The Lavender Scare. Chicago: The University of Chicago Press, 147-149 or. ISBN 9780226401904..
  60. (Ingelesez) «Viewing page 4 of 30 for project 36902 | Smithsonian Digital Volunteers» transcription.si.edu (kontsulta data: 2026-04-29).
  61. Johnson, David K.. (2004). The Lavender Scare. Chicago: The University of Chicago Press, 153 or. ISBN 9780226401904..
  62. Johnson, David K.. (2004). The Lavender Scare. Chicago: The University of Chicago Press, 158 or. ISBN 9780226401904..
  63. 1 2 3 4 Charles, Douglas M.. (2017). "A Source of Great Embarrassment to The Bureau": Gay Activist Jack Nichols, his FBI Agent Father, and the Mattachine Society of Washington. The Historian (Kingston), 504-522 or..
  64. Faderman, Lillian. (2012). Odd Girls and Twilight Lovers: A History of Lesbian Life in Twentieth-Century America. United Kingdom: Columbia University Press, 157 or. ISBN 9780231530743..
  65. (Ingelesez) Marino, M. M.. (2009). «Different Daughters: A History of the Daughters of Bilitis and the Rise of the Lesbian Rights Movement» www.tandfonline.com (Oral History Review): 296-298.  doi:10.1093/ohr/ohp077. ISSN 0094-0798. (kontsulta data: 2026-04-29).
  66. (Ingelesez) «Cole v. Young, 351 U.S. 536 (1956)» Justia Law (kontsulta data: 2026-04-29).
  67. Johnson, David K.. (2004). The Lavender Scare. The University of Chicago Press, 59-64 or. ISBN 9780226401904..
  68. 1 2 Robinson, Brandon Andrew. The Lavender Scare in Homonormative Times: Policing, Hyper-incarceration, and LGBTQ Youth Homelessness. Gender & Society, 213-215 or..
  69. (Ingelesez) Daley, Jason. «State Department Apologizes for the 'Lavender Scare'» Smithsonian Magazine (kontsulta data: 2026-04-29).

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]