Mary McAleese
Mary McAleese (Belfast, 1951ko ekainaren 27a) irlandar politikaria da. Ipar Irlandan jaiotako lehenengo Irlandako presidentea. Mary Robinsonen lekua hartu zuen (1997), hark presidentetza utzita Nazio Batuen Ordezkari Gorenaren postua hartu zuenean. 2011 arte egon zen postu horretan. Zuzenbide-ikasketak egin zituen Belfasteko Queen's unibertsitatean lehenbizi, eta Dublingo Unibertsitatean gero. 1974an, legelari gisa hasi zen lanean. 1975-1981 eta 1981-1987 bitartean zuzenbide-irakasle izan zen Dublingo Unibertsitatean. 1979-1981 bitartean, berriz, telebistarako lan egin zuen, kazetari gisa. 1987an, Ipar Irlandako Lege Ikasketa Institutuko zuzendari izendatu zuten. 1994an, Queen's Universityko erretoreorde izendatu zuten; kargu hori lortzen zuen lehen emakumea izan zen. McAleesek, berez, britainiar herritartasuna du, baina Irlandako Errepublikak bere herritartzat dauka.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
