close
Edukira joan

Little Boy

Wikipedia, Entziklopedia askea

Little Boy (euskaraz "Mutiko txikia") Japoniako Hiroshima hiriaren gainean 1945eko abuztuaren 6an estatubatuarrek jaurtitako bonba atomikoari jarritako izena da. 1945eko abuztuaren 6an Paul Tibbets koronelak gidaturiko Enola Gay izeneko B-29 hegazkinak bota eta 90.000–166.000 lagun hil zituen[1]. Bonba 10.450 metrotik jaurti zuten eta hiri gainetik 600 metrora egin zuen eztanda goizeko zortziak eta laurdenean. Bederatzi egun geroago eta hein handi batean bonba horrek egin zuen sarraskia zela kausa, Japoniak errenditu egin zen.

4.400 kilogramoko pisua zuen, baina 64 kilogramo leherkari zeuzkan. Guztira hamahiru kilotoikoa zen, hiru metroko luzera eta hirurogeita hamahiru zentimetro diametroa zituen. Radar sentsoreak eta barometroak zituen azalean. Berdez margotuta zegoen.

Jaurti baino lehen, ez zuten inolako probarik egin. Testak plutonioz egin ziren baina Little Boy uranioz egindako bonba zen.

Hiroshimako jaurtiketa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hegazkinean kako berri batzuk ezarri ziren bonbari eusteko. Zeppo Marx zen kakoak fabrikatu zituen enpresaren nagusia. Tinian herrira zatika eraman zuten. Zati bat USS Indianapolis (CA-35) itsasontziak eraman zuen eta besteak, hegazkinez.

Jaurtiketaren egunean, bonbaren pisua zela eta hegazkinak pista osoa behar izan zuen ahalik eta seguruen aireratzeko. Hegaldian, William Sterling Parsons eta Morris Jeppson tekniariek armatu zuten bonba. Bi zaku kordita (leherkari normala) jarri zituzten uranio-235 eraztunak lehertzeko. Bonba elektrikoki armatu eta probak egin ondoren, azkenik segurtasun obturadore berdeen ordez gorriak jarri zituzten.

Historian hirien kontra erabili diren bi bonba atomikoetan lehena izan zen. Bigarrenari Fat Man izena eman zioten.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Radiation Effects Research Foundation. Frequently Asked Questions #1. .

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]