Werwolf
Werwolf —sarritan Wehrwolf edo Werewolf izenez aipatua— 1944an naziek asmatutako plan bat da; planaren asmoa zen Bigarren Mundu Gerra amaitu aurretik Wehrmachti Alemaniaren defentsan lagunduko zion indar irregular bat sortzea, Aliatuen aurka gerrilla gerra egiteko. Alemanezko Werwolf izena, erabilera arruntean, euskarazko «gizotso» izenaren baliokidea da; eta Wehrwolf («defentsarako otsoa») hitz-jokoa ere egiten du. Werwolf izan zen nazien artean gehien erabili zen izendapena, nahiz eta Wehrwolf ere batzuetan erabili izan zen. Izenak 1914an Hermann Lönsek idatzitako Hogeita Hamar Urteko Gerrari buruzko eleberri baten izenburura garamatza, naziek beren ideia nazionalistengatik gurtzen zuten idazlea.
Egitasmoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Werwolfen lehen helburua gerrilla edo «erresistentzia armatu» gisa jardutea zen, Alemaniako lurretan aurrera zihoazen armada etsaien logistika eta morala erasotzeko eta eteteko. Ideia hori Martin Bormannek formulatu zuen lehenik, eta Heinrich Himmlerrek lagundu zion, Adolf Hitlerren baiespena lortu baitzuen plan honetarako. Ordu arte SS Obergruppenführer (teniente jenerala) zen Hans Prutzmann Generalinspekteur für Spezialabwehr («Defentsa Bereziko Inspektore Nagusia») izendatu zuten, eta Berlingo mugimenduaren Kuartel Nagusia muntatzeko zeregina esleitu zioten, tropen instrukzio eta antolaketaz gain. Prutzmannek, Ukrainako lurralde okupatuetan zegoela, sobietar partisanoek erabilitako gerrilla taktikak aztertu zituen, eta bere helburua Werwolfeko kideei taktika berberak irakastea zen.
Erakundeak erabili beharreko taktikak, teorian, frankotiratzaileen erasoak, suteak, sabotajea eta hilketak ziren, baina beti lurralde jakin batean kokatutako tropa erregularren estatu nagusiarekin koordinatuta. Beraz, «Werwolf» ez zegoen benetako gerrilla baten autonomia operatiboa edukitzera bideratuta, aukerak eta jomugak aukeratzeko; autonomia hori bazuten, ordea, alemaniarrek Europa okupatuan borrokatu ziren partisanoek. Himmlerren jatorrizko planak hainbat puntu biltzen zituen, hala nola etxean lehergailuak egitea janari lata bat eta detonagailuentzako arkatzak bezalako material sinpleekin, edo agente bakoitzaren entrenamendu pertsonala, metro bateko soka bakarrik erabiliz, «guardia-dorre batera bat-batean sartzeko eta zaindaria mugimendu azkar batez itotzeko».
Suposatzen zen, atzemandako artxibo nazien arabera, erakundeko agenteek askotariko armak zituztela eskura, suaren aurkako berokietatik hasi eta isilgailudun Walther pistoletaraino, baina benetan Werwolfek ez zuen inoiz halako ekipamendurik izan, ezta eraginkortasunez jarduteko beharrezko antolamendurik ere; izan ere, arma-industriaren lehentasuna Wehrmacht hornitzea zen, eta ez gerrillaren eta talka-troparen (gazt. tropa de choque) arteko nahasketa zirudien sortu berri zen gorputz batentzat tramankulurik egitea. Gainera, Werwolfeko agintari gorenak ez zuen aurreikusi zer egingo zuten Alemaniaren porrota gertatuz gero, eta, beraz, ez zegoen gerrillen gerrari (gazt. guerra de guerrillas) eusteko planik ere, Reicheko agintaritza zentrala desagertuz gero.
Werwolfen eduki ideologikoa Propaganda Ministerioko Estatu Idazkariak, Werner Naumannek, 1945eko martxoaren 23an Municheko Hofbräuhaus-en emandako hitzaldian oinarritu zen nagusiki. Hitzaldi hau erregimen naziak "Kapitulatu, inoiz ez!" izeneko liburuxka bezala argitaratu zuen, non alemaniar bakoitza tropa etsaien aurka heriotzaraino borrokatzera bultzatzen zuen, baina atzerriko indarrek okupatutako alemaniar lurraldean zer egin behar zen zehaztu gabe. Werwolfen desartikulazio partzialak, diskurtso horren ondorioekin batera, nahasmen handia sortu zuen geroko erasoetatik benetan Werwolfek egindakoak zirenei buruz, eta nazi fanatikoen edo SSetako talde txikien banakako ekintzei buruz, haiek harrapatzea saihestu nahi baitzuten.
Ekintza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hasieran, Werwolfek Waffen SSko eta Hitleriar Gazteriako 200 eta 5.000 kide artean zituen, bereziki gerrilla taktikei buruzko entrenamendua zutenak. Frontean konpainiak eratzera iritsi ziren, borrokatzen jarraitzeko tropak egongo zirela ziurtatzeko, nahiz eta operatzen zuten eremuak okupaziopean egon. Hala ere, errekrutek ez zuten armamenturik gerra-operazio serioak egiteko, eta Wehrmachteko zein Waffen SSko ofizialek uko egiten zioten munizioak eta ekipoak "gazte-unitateei" emateari. Era berean, aliatuek eta sobietarrek gerra amaitu orduko "Werwolf konpainia" ia guztiak aurkitu eta neutralizatu zituzten,hauek erasorik egin baino lehen.
Borrokako azken asteetan, Alderdi Naziko buruzagi batzuek ahaleginak egin zituzten herrialdeko hainbat eremutan lehergailuak, munizioa eta armak lurperatzeko, batez ere Alemania eta Polonia arteko muga zaharrean, Werwolfek erresistentzia- eta sabotaje-ekintzetan erabil zitzan. Eskualde hori Armada Gorriak okupatua zuen, baina ezkutatutako material belikoaren kantitatea ez ezik, sabotaje garrantzitsuren bat egiteko ere oso txikia zen, eta gainera, Werwolf hain zegoen desantolatua, ezen oso kide gutxik baitzekiten armak non zeuden.
Ez zegoen bat ere argi Werwolfeko gazteek zer egin behar zuten, desagertua baitzen Wehrmacht, eta, horrekin batera, aginduak eman behar zizkien buruzagitza militarra ere. Izan ere, buruzagi naziek hasieratik adierazi zuten Werwolfen jarduerak OKHk eta emandako agindu gorenekin bat egin behar zutela. Hitlerrek ez zuen Alemaniaren porrota onartu gerraren azken egunak arte.
Izan ere, jugoslaviar partisanoek edo frantses makiek ez bezala, Werfolfeko soldaduek ez zuten sabotaje edo gerrilla ekintza zehatzak egiteko modurik goragoko agindurik gabe, ez eta etsaiak menderatutako eremuetan nola jardun ere. Nahasmena nagusi zenez eta agindu zehatzik ez zegoenez, Werwolfeko errekluta askok beren jarduera utzi zuten eta germaniar tropa erregularrek mendebalderantz atzera egin zuten. Ondorioz, ia "ezkutuko armategirik" ez zuen erabili Werwolfek, eta ia Alemania ekialdeko arma-biltegi inprobisatu guztiak osorik aurkitu zituen Armada Gorriak.
Esleitutako operazioak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Werwolfen biktima garrantzitsu eta egiaztatu bakarra Franz Oppenhoff da, Akisgran hiriko aliatuek jarritako alkate berria, hiria aliatuek okupatuta baitzegoen. 1945eko martxoan bere etxearen kanpoaldean hil zuten.
Ustezko beste biktima batzuk:
- John Poston maiorra, Bernard Law Montgomery Landa-Mariskala lotzeko ofizial britainiarra. Alemaniak amore eman aurretik identifikatu gabeko erasotzaile batzuek hil zuten.
- Nikolai Berzarin koronel jenerala, Berlingo goarnizioko komandante sobietarra, 1945eko ekainaren 16an hil zuten, baina txosten sobietarrek zioten Berzarin trafiko istripu batean hil zela, eta zibil berlindarrek NKVDren konjurazio bati egotzi zioten heriotza, Berzarinek bizirik zegoen biztanleriari emandako tratu onaren ondorioz.
Werwolfen irrati-propagandak Maurice Rose jeneral nagusiaren heriotza ere aldarrikatu zuen 1945eko apirilean. Hau gerra osan zehar europar lurretan hil izan zen rango handieneko estatubatuarra izan zen (eta, jakin gabe, maila goreneko ofizial judua eta armada aliatuko tanga-komandante dekoratuena), izan ere, Rose, berez, alemaniar soldadu erregularrek hil zuten.
Autore batzuek diote Werwolfek zibilen hainbat sarraski eta sobietar tropen aurkako eraso batzuk egin zituela Polonian, izan ere, ez dago horren frogarik. Bestalde, Werwolfek gauzatutako erasorik bortitzena okupazioaren mendebaldeko eremuetan egindako bonbardaketa bat izan zela esaten da, zehazki, Bremenen. 44 pertsona hil ziren, baina gerora ikusi denez, litekeena lehergailua istripuz lehertu zen aire-sartze batean utzitako bonba akastun bat izan zela da (gaur egun ere badaude lehertu ez ziren bigarren mundu gerrako bonbak alemaniar lurretan).
Werwolf-aren beste alderdi bat, askotan alde batera uzten dena, Hitleriar Gazterien osagaia izan zen. Hauek neonazismo izena jaso zuen mugimendu politikoaren aurrekariak izan baitziren. Gaur egungo neonazi talde alemaniar batzuek Werwolf edo Wehrwolf dute izena.
Werwolf-a fikzioan
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hellsing manga liburuan, Britainia Handiko erakunde sekretu batek Millennium izeneko batailoi nazi baten aurka borrokatzen du. Manga liburuan, batailoi honek Brasilen du egoitza, Bigarren Mundu gerraren amaieran bertan erbesteratu zirelako, hau da, Hirugarren Reicharen gainbeheraren ondoren. Ofizial batzuk Werwolfeko kide gisa ageri dira. Beste alde batetik, britainiarren aurkako borroka honetan artifizialki sortutako banpiro-batailoi bat erabiltzen dute edota Millenniumeko kideetako bat, Kapitaina, gizotsoa da.
1960koa den Verboten! pelikularen amaieran (Samuel Fuller zuzendutakoa) amerikarrek okupatutako herri alemaniar batean haritzen den Werwolf talde gerrillero bat ageri da.
Peter Cushing protagonista den Shock Waves(1977) filmearen argumentua Werwolfeko "supersoldaduen" ingurukoa da. Gainera, filmearen hasieran, soldadu hauen trebetasuna goraipatzen da hauekiko beldurra areagotuz.
Lars von Trierreren Europa (1991) filmean, Werwolfen plan terroristek jokatzen dute paper nagusia.
2019ko Viviendo con el enemigo (The Aftermath) filmean, Hamburgo hiri suntsitua berreraikitzeko ezartzen diren indar britaniarrek aurre egin behar diete Werwolfen jarduera bortitzei.
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Ingelesez) Biddiscombe, Perry, Werwolf!: The History of the National Socialist Guerrilla, 1944-1946.
- (Ingelesez) Beevor, Antony, Berlin: The Downfall 1945.
- (Alemanez) NSDAPen argitalpena, Aushallten!, 1945eko apirila.