close
Edukira joan

Baha'i Fedea

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea
Bahaismo» orritik birbideratua)


Bahá'í Fedea

Abrahamdar erlijio monoteista, XIX. mendean Bahá'u'lláh-ren ikasbideen inguruan eratua.

Justizia Etxe Unibertsalaren egoitza, Haifa (Israel)

Honako hau da Erlijioa
Azpiklasea Abrahamdar erlijioa
Sortzaileak Báb eta Bahá'u'lláh
Sorrera 1844
Jatorrizko herrialdea Persia (gaur egungo Iran)
Egoitza nagusia Haifa, Israel
Idazki nagusiak Kitáb-i-Aqdas, Kitáb-i-Íqán
Hizkuntza sakratuak Persiera eta arabiera
Ikur nagusia Bederatzi puntako izarra
Administrazio-organo gorena Justizia Etxe Unibertsala
Jarraitzaile kopurua 5–8 milioi inguru
Hedadura geografikoa 200 herrialde eta lurralde baino gehiagotan

Bahá'í fedearen munduko hedadura

Testuen Ikerketarako Gunea Bahá'í Munduko Zentroan (Haifa, Israel)
Arkua, Bahá'í Munduko Zentroan (Haifa, Israel)

Bahá'í Fedea (/bəˈhɑːiː, -ˈhaɪ/; persieraz: بهائی‎ 'Bahā'i') erlijio monoteista independente berriena da, XIX. mendean sortua. 2020ko Baháʼí iturri instituzional batzuen arabera, munduan 8 milioi baháʼí inguru daude.[1]

Baháʼí Fedea XIX. mendean Baháʼu'lláh-k sortutako erlijioa da. Bere irakaspenen arabera, munduko erlijio nagusi guztiak jatorri berekoak dira, eta gizateria osoa batasun espiritual eta moral berean bildu daiteke.[2]

Erlijioa Iranen eta Ekialde Hurbileko beste zenbait eskualdetan garatu zen hasieran. Nahiz eta hasieratik bertatik jazarpena pairatu izan duen, bereziki Iranen.[3] Gaur egun 7 eta 8 milioi jarraitzaile artean ditu mundu osoan; jarraitzaile horiei baháʼí esaten zaie, eta ia herrialde guztietan aurki daitezke.[4]

Baháʼí tradizioan hiru figura historiko nagusi bereizten dira: Báb (1819–1850), Baháʼu'lláh (1817–1892) eta ʻAbdu'l-Bahá (1844–1921). Báb, jaiotzez Siyyid ʻAlí Muḥammad Šīrāzī, merkatarien familiakoa izan zen eta gaztetan merkataritzan aritu zen; 1844an bere misio erlijiosoa iragarri zuen eta Jainkoak bidaliko zuen mezulari handiago baten etorrera iragarri zuen.[5][6] Baháʼu'lláh-k 1863an adierazi zuen Bábek iragarritako mezularia bera zela.[7] Haren semea, ʻAbdu'l-Bahá, komunitatearen gidaria izan zen ondoren, eta XX. mendearen hasieran Europan eta Ameriketako Estatu Batuetan bidaiatu zen Baháʼí irakaspenak zabaltzeko.[8]

Baháʼí irakaspenen arabera, erlijioa modu progresiboan agertzen da historian. Jainko bakarrak bidaltzen ditu garaian garaiko mezulariak, eta haien bidez gizateriari irakaspen espiritual eta sozial egokituak ematen dizkio.[9] Tradizio horretan, Buda, Jesus eta Muhammad bezalako pertsonaiak Jainkoaren agerpenen artean kokatzen dira; Baháʼíen arabera, Báb eta Baháʼu'lláh dira aro modernoan agertu diren azkenak.[10]

Bestalde, Baháʼí Fedearen irakaspenek gizateriaren batasuna azpimarratzen dute. Horren ondorioz, arrazakeria, sexismoa eta nazionalismo baztertzailea gaitzesten dituzte.[11] Ikuspegi horren barruan, mundu mailako gizarte-antolaketa bateratu baten ideia ere proposatzen da, non herrialde, arraza, sinesmen eta gizarte-talde guztiek elkarrekin bizi ahal izango duten.[12]

Baháʼí Fedearen testu sakratuak hainbat egileren idazkiek osatzen dituzte. Baháʼu'lláh-ren gutunak eta liburuak dira kanonaren oinarria; horiez gain, ʻAbdu'l-Bahá-ren idazkiak eta Báb-en lanak ere bilduma horren parte dira.[13]

Euskaraz, Bahá'í hitza erabiltzen da bai erlijioa izendatzeko (Bahá'í fedea), bai horren jarraitzaileak aipatzeko. Arabierazko Bahá (بهاء) hitzetik eratorria, aintza, ospea edo loria esan nahi du. Bahaismo hitza ere erabili izan da, orokorrean gutxiespen moduan; nahiz eta zenbait erakundek, AEBko Kongresuko Liburutegiak, kasu, Bahaismo hitza erabiltzen duen Bahá'í fedea izendapenaren aldagarri gisa.[14]

Baháʼí Fedeak Báb-en erlijioan eta haren aurretik garatu zen Xeikhi mugimenduan ditu sustrai historikoak. Báb merkataritza mundutik zetorren predikari bat izan zen, eta 1844an Jainkoaren agerkunde berri baten mezularia zela aldarrikatzen hasi zen. Irango klero islamikoaren gehiengoak, ordea, heresiatzat hartu zuen haren mezua, eta 1850ean publikoki exekutatu zuten.[15] Bábek irakatsi zuen Jainkoak laster beste mezulari handiago bat bidaliko zuela; Baháʼíen arabera, mezulari hori Baháʼu'lláh izan zen.[16] Báb berezko mezulari erlijioso gisa aitortzen bada ere, Baháʼí historiaren eta teologiaren parte estu bihurtu zen; horregatik, Baháʼíek haren jaiotza, adierazpena eta heriotza jaiegun sakratu gisa ospatzen dituzte, eta fedearen hiru figura nagusietako bat dela uste dute, Baháʼu'lláh eta ʻAbdu'l-Bahárekin batera. Bábí mugimenduaren kontakizun historiko nagusietako bat The Dawn-Breakers da.[17] Baháʼí komunitatea hasieran Iranen eta Otomandar Inperioan kokatu zen batez ere, eta Baháʼu'lláh 1892an hil zen arte hedapen mugatua izan zuen. Garai hartan Asia eta Afrikako 13 herrialdetan bazituen jarraitzaileak.[18] ʻAbdu'l-Baháren gidaritzapean, erlijioak Europan eta Ameriketan presentzia lortu zuen, eta Irango komunitatea sendotu, nahiz eta jazarpena pairatzen jarraitu.[19] ʻAbdu'l-Bahá 1921ean hil zenean amaitu zen Baháʼíek «aro heroikoa» deitzen duten aldia.[20]

Artikulu nagusia: «Báb»
Báb-en santutegia, Haifan (Israel)

1844ko maiatzaren 22ko gauean, Shirazeko Siyyid ʻAlí-Muhammadek bere lehen jarraitzailea irabazi zuen eta «Báb» titulua hartu zuen (arabieraz: الباب, «atea»), xiismoan espero zen Mahdiaren estatusari loturiko aldarrikapena eginez.[19] Haren jarraitzaileei Bábí deitu zitzaien. Báb-en irakaspenak zabaltzen hasi ahala, klero islamikoak blasfemiatzat jo zituen, eta haren jarraitzaileek gero eta jazarpen eta tortura handiagoa pairatu zuten.[21] Gatazkek zenbait tokitan setio militar bihurtu ziren, Naser al-Din Shah Qajar xaharen armadaren eskutik. Báb bera espetxeratu egin zuten eta 1850ean exekutatu zuten.[22] Baháʼíen arabera, Báb Baháʼí Fedearen aitzindaria izan zen, haren idazkiek «» («Jainkoak agerraraziko duena») kontzeptua aurkeztu baitzuten: munduko erlijio handiek iragarritako figura mesianikoa. Baháʼíen arabera, figura hori Baháʼu'lláh izan zen.[21] Báb-en hilobia, Karmel mendian, Haifan, Baháʼíen erromesaldi-gune nagusietako bat da. Haren gorpuzkiak Iranetik ezkutuan atera eta Lur Santuara eraman zituzten, Baháʼu'lláh-ek berariaz hautatutako leku batean ehortzi arte.[23] Báb-en idazkiak Baháʼíentzat inspiratutako testu sakratuak dira, nahiz eta Baháʼu'lláh-en irakaspenek ordezkatu dituztela ulertzen duten.[24]

Baháʼu'lláh

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Artikulu nagusia: «Baháʼu'lláh»
Baháʼu'lláh, Baháʼí Fedearen sortzailearen hilobia

Mírzá Husayn ʻAlí Núrí Báb-en lehen jarraitzaileetako bat izan zen,[25] eta geroago Baháʼu'lláh titulua hartu zuen.[26] 1852an, zenbait Bábík xaha hiltzeko atentatu saiakera huts egin zuten.[27] Ondoren, agintariek ehunka Bábí hil edo torturatu zituzten Iran osoan.[28] Baháʼu'lláh atentatuan parte hartu ez bazuen ere, Teherango Síyáh-Chál ziegan preso egon zen hainbat hilabetez.[29] Iranetik kanporatu ondoren, Bagdadera joan zen, Otomandar Inperioaren barruan. Han, erbesteratutako Bábíen artean lidergo espirituala hartu zuen.[30] 1863an, Bagdadetik Konstantinoplara eramatean, bere familiari eta jarraitzaileei iragarri zien Báb-ek iragarritako mezularia bera zela.[30] Une horretatik aurrera, Bábí gehienek Baháʼu'lláh aitortu zuten eta Baháʼí izena hartu zuten; aurkako gutxiengoa Azali izenez ezagutu zen.[31] Baháʼu'lláh lehenik Konstantinoplan eta gero Edirnen egon zen erbesteratua. Azkenik, 1868an, ʻAkkako kolonia penalean ezarri zuten.[30] Han eman zuen bizitzaren azken zatia, preso estatus ofizialarekin, baina pixkanaka baldintza arinagoetan. 1892an hil zen. Baháʼíentzat, Bahjíko haren hilobia da eguneroko otoitzean begiratzen duten Qibliha.[32] Baháʼu'lláh-ek 18.000 lan baino gehiago idatzi zituen arabieraz eta persieraz; horietatik %8 inguru baino ez da ingelesera itzuli.[33] Adrianoplen zegoela, bere misioa munduko agintari erlijioso eta politikoei zuzendutako gutunetan aldarrikatzen hasi zen, besteak beste Pio IX.a, Napoleon III.a eta Victoria erreginari zuzendutakoetan.[34]

ʻAbdu'l-Bahá

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Artikulu nagusia: «ʻAbdu'l-Bahá»

ʻAbbás Effendi Baháʼu'lláh-en seme zaharrena izan zen, eta ʻAbdu'l-Bahá («Baháren zerbitzaria») titulua hartu zuen. Baháʼu'lláh-k bere testamentuan izendatu zuen Baháʼí komunitatearen buru eta haren idazkien interpretatzaile baimendua.[35] Baháʼí tradizioan, Itunaren Zentro gisa ere ezagutzen da, komunitatearen batasunaren erreferentzia nagusitzat hartzen baita.[36]

ʻAbdu'l-Bahá, Baháʼu'lláhren seme zaharrena

Aitarekin batera erbestea eta espetxea pairatu zituen urte luzez Otomandar Inperioan. Baháʼu'lláh hil ondoren, Baháʼí komunitatearen gidaritza hartu zuen, eta 1908ko Gazte Turkiarren Iraultzaren ondoren askatasunez mugitzeko aukera izan zuen.[30] Ondorengo urteetan Egipto, Europa eta Ipar Amerika bisitatu zituen, hitzaldi publikoak eginez eta Baháʼí irakaspenen oinarrizko printzipioak azalduz; bereziki gizateriaren batasuna, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna, aurreiritziak gainditzeko beharra eta bake unibertsalaren beharra azpimarratu zituen.[37]

Baháʼíentzat ʻAbdu'l-Bahá «Maisua» (Master) da, eta Baháʼí irakaspenen eredu praktiko eta moral nagusitzat hartzen dute.[38] Haren bizitza askotan Baháʼu'lláh-ren irakaspenak bizitzeko adibidetzat hartzen da.[35]

Gaur egun haren hitzak, gutunak eta idazkiak jasotzen dituzten 38.000 dokumentu baino gehiago ezagutzen dira.[39] Haren lan ezagunen artean daude The Secret of Divine Civilization, Some Answered Questions, Tablets of the Divine Plan, Tablet to Dr. Forel eta Paris Talks.[39]

Shoghi Effendi

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Artikulu nagusia: «Shoghi Effendi»
Shoghi Effendi, Abdu'l Baharen biloba

Baháʼu'lláh-ren Kitáb-i-Aqdas eta ʻAbdu'l-Bahá-ren Borondatea eta Testamentua dira Baháʼí administrazio-ordenaren oinarrizko dokumentuak.[36] ʻAbdu'l-Bahá-k bere biloba Shoghi Effendi izendatu zuen Baháʼí Fedearen lehen zaindari (Guardian). 1921ean ʻAbdu'l-Bahá hil ondoren hartu zuen komunitatearen gidaritza, eta 1957an hil zen arte bete zuen eginkizun hori.[40]

Shoghi Effendiren garaian Baháʼí komunitateak nazioarteko hedapen handia izan zuen. Haren lan nagusien artean Baháʼí testu ugari ingelesera itzultzea, administrazio-egituraren garapena koordinatzea eta nazioarteko hedapen-planak diseinatzea daude.[30] Halaber, Haifako Baháʼí Munduko Erdigunearen antolaketa eta garapena sustatu zuen.[38]

1937an Ipar Amerikako Baháʼíentzat zazpi urteko lehen plana abiatu zuen; ondoren, 1946an beste plan bat jarri zuen martxan, eta 1953an nazioarteko lehen programa handia aurkeztu zuen: Hamar Urteko Gurutzada.[41] Plan horien helburua Baháʼí komunitateak eta erakundeak mundu osora hedatzea zen, baita Baháʼí literatura hizkuntza berrietara itzultzea ere. Itzulpen-helburuen artean hizkuntza gutxitu batzuk ere bazeuden, hala nola euskara.[42]

Shoghi Effendik etorkizuneko Baháʼí administrazio-sistemaren oinarriak sendotu zituen, eta Justizia Etxe Unibertsalaren hauteskundea prestatzen lagundu zuen.[40] 1957an hil zen Londresen, ondorengorik izendatu gabe.[43]

Justizia Etxe Unibertsala

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Justizia Etxe Unibertsala
Artikulu nagusia: «Justizia Etxe Unibertsala»

1963az geroztik, Justizia Etxe Unibertsala da Baháʼí Fedearen gobernu-erakunde gorena.[44] Bere eginkizunen artean daude irakaskuntza, hezkuntza, Baháʼí legeen aplikazioa eta gizarte-arazoei erantzutea.[44]

1964an hasitako Bederatzi Urteko Planetik aurrera, erakunde honek nazioarteko hainbat urteko planen bidez zuzendu du Baháʼí komunitatearen jarduera.[45][46] Helburua ez da soilik erlijioa hedatzea, baizik eta komunitate berriak sendotzea eta prestakuntza espirituala indartzea ere.[47] Horren testuinguruan sortu zen Ruhi Institutua Kolonbian, 1970eko hamarkadan.[47] Baháʼí komunitateak tokiko, eskualdeko eta nazio mailako Batzar Espiritual hautetsien bidez antolatzen dira. Ez dago klerorik; haren ordez, hainbat mailatan izendatutako pertsona eta erakundeek irakaspenak zabaltzeko eta komunitatea zaintzeko lana egiten dute.[21][48] Justizia Etxe Unibertsaleko bederatzi kideak bost urtez behin hautatzen dituzte mundu osoko Batzar Espiritual Nazionaletako kideek.[49]

Baháʼí gurtza-etxea Ingleside, Sydney (Australia)

Baháʼu'lláhren irakaspenek osatzen dute Baháʼí Fedearen oinarri doktrinala. Irakaspen horien erdigunean hiru printzipio nagusi daude: Jainkoaren batasuna, erlijioaren batasuna eta gizateriaren batasuna.[30]

Baháʼíen arabera, Jainkoak bere borondatea aldizka agerrarazten du mezulari jainkotiar baten bidez. Mezulari horien eginkizuna gizateriaren izaera eraldatzea da, eta haien irakaspenek erantzuten dietenengan ezaugarri moral eta espiritualak garatzea. Ondorioz, erlijioa prozesu ordenatu, bateratu eta progresibo gisa ulertzen da historian zehar.[50]

Sakontzeko, irakurri: «Jainkoa Baháʼí Erlijioan»
Izenik Handiena, arabierazko kaligrafia: يا بهاء الأبهى (Yā Bahāʼu'l-Abhā)

Baháʼí idazkiek Jainko bakarra deskribatzen dute: pertsonala, baina gizakiarentzat ezin guztiz atzigarria; orojakilea, oroz jakituna eta ahalguztiduna, unibertso osoaren sortzailea.[51]

Baháʼí pentsamenduaren arabera, Jainkoaren eta unibertsoaren existentzia betierekoa da, hasierarik eta amaierarik gabe.[21] Hala ere, Jainkoa zuzenean ezin da ezagutu; haren borondatea eta xedea Jainkoaren Agerpen deitzen diren mezularien bidez agertzen dira.[52]

Ikuspegi horretan, Jainkoa esentzian ezezaguna da: existentzia guztiaren iturria da, baina haren ezagutza sorturiko munduan agertzen diren ezaugarri jainkotiarretan eta Jainkoaren Agerpenetan antzematen da.[53]

Baháʼí irakaspenen arabera, gizakiak ezin du Jainkoaren irudi oso eta zehatza bere kabuz sortu. Horregatik, Jainkoa ezagutzeko bidea Jainkoaren Agerpenen bidez emandako irakaspenak aitortzea eta ulertzea da.[54][55]

Baháʼí tradizioan Jainkoa sarritan izenburu eta atributuen bidez aipatzen da —adibidez, Ahalguztiduna edo Guztiz Maitagarria—, eta monoteismoari garrantzi handia ematen zaio. Atributu horiek ez dira Jainkoaren deskribapen literalak; gizakiek jainkotasuna ulertzeko erabiltzen dituzten formulazioak dira, eta, aldi berean, gizakiaren garapen espiritualerako orientabide.[54][55]

Baháʼí irakaspenen arabera, gizakiaren helburua Jainkoa ezagutzea eta maitatzea da. Horretarako bide nagusien artean otoitza, hausnarketa eta beste gizakiei zerbitzua ematea aipatzen dira.[54]

Sakontzeko, irakurri: «Bahá'í Fedea eta erlijioaren batasuna»
Erlijio askoren sinboloak Wilmetteko Baháʼí gurtza-etxeko zutabe batean

Baháʼí doktrinaren arabera, erlijioaren agerpena progresiboa da historian zehar. Horregatik, munduko erlijio ezagun gehienen sortzaileak Jainkoaren Agerpen gisa ulertzen dira.[56]

Ikuspegi horren arabera, erlijioaren historia agerpen-aldi edo dispensazio multzo gisa interpretatzen da. Agerpen bakoitzak aurrekoaren jarraipena egiten du, baina garai eta gizarte jakin bati egokitutako irakaspen zabalagoak eskaintzen ditu.[57][21]

Horrela, irakaspen sozial batzuk —adibidez, otoitzaren norabidea edo elikadura-arauak— agerpen berriek alda ditzakete, garaiko beharretara egokitzeko. Aldiz, printzipio etiko orokorrak —hala nola auzokidetasuna edo karitatea— unibertsalak eta iraunkorrak direla ulertzen da.

Baháʼí sinesmenaren arabera, agerpen progresiboaren prozesua ez da amaituko, baina ziklikoa da. Hala ere, Baháʼíek ez dute Jainkoaren Agerpen berri bat espero Baháʼu'lláh-en agerpenetik gutxienez mila urtera arte.[58]

Baháʼíek beren erlijioa tradizio independente gisa ulertzen dute, bere testu sakratu eta lege propioekin.[59] Gaur egun, erlijio-ikerketako aditu askok ere erlijio autonomo gisa sailkatzen dute; haren jatorri historikoa Islam xiitarekin lotzen da, kristautasuna judaismoaren testuinguruan sortu zen antzera.[60]

Gainera, Baháʼí Fedea sarritan erlijio abrahamikoen familiaren barruan kokatzen da, monoteista delako eta Abraham profetarekin lotura espiritual bat aitortzen duelako.[61]

Sakontzeko, irakurri: «Bahá'í Fedea eta gizadiaren batasuna»
Baháʼí ringstone sinboloa, gizakiaren eta Jainkoaren arteko lotura adierazten duena

Baháʼí idazkien arabera, gizakiak arima arrazoiduna du, eta horrek ematen dio Jainkoaren transzendentzia ulertzeko eta sortzailearekiko harremana kontzienteki aitortzeko gaitasuna.[62]

Gizaki bakoitzak Jainkoa ezagutzeko betebeharra du, haren mezulariak —Jainkoaren Agerpenak— aitortuz eta haien irakaspenen arabera biziz. Otoitza, praktika espiritualak eta gizateriari zerbitzua ematea arimaren garapenaren bide nagusiak dira.[54][63]

Baháʼí sinesmenaren arabera, heriotzean arima gorputzetik bereizten da eta hurrengo existentzia-egoera batera igarotzen da. Zerua eta infernua ez dira leku fisikoak; Jainkoarekiko hurbiltasun edo urruntasun egoera espiritualak dira.[64]

Baháʼí idazkiek gizaki guztien oinarrizko berdintasuna azpimarratzen dute. Gizateria funtsean bat dela ulertzen da, nahiz eta kultura eta arraza aniztasun handia izan. Arrazakeria, nazionalismoa, kasta-sistemak edo genero-hierarkiak gizateriaren batasunerako oztopo artifizial gisa interpretatzen dira.[30]

Printzipio sozialak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Baháʼí lorategiak Haifan

ʻAbdu'l-Bahák 1911–1912 urteetan Europa eta Ameriketara egin zituen bidaietan Baháʼí Fedearen oinarrizko printzipio sozialak azaldu zituen hitzaldi publikoetan.[37]

Printzipio horien artean honako hauek aipatu ohi dira: gizonen eta emakumeen berdintasuna, arrazen batasuna, mundu-bakearen beharra eta hezkuntza unibertsala.[65]

Ideia horien abiapuntua gizateriaren batasunaren kontzeptua da. Printzipio horretatik ondorioztatzen dira, besteak beste, arrazen berdintasuna edo aberastasun-desberdintasun muturren desagerpena.[66]

Halaber, ikuspegi horretatik mundu-federazio bateratu baten beharra planteatzen da. Horren barruan, hainbat neurri proposatu izan dira: hizkuntza laguntzaile unibertsala, neurri-sistema bateratua, derrigorrezko hezkuntza eta nazioen arteko gatazkak ebazteko nazioarteko epaitegia.[67]

Baháʼí pentsamenduaren arabera, nazionalismoa gizateriaren osotasunarekiko leialtasun zabalago batek ordezkatu beharko luke. Mundu-bakea lortzeko, Baháʼu'lláh-ek segurtasun kolektiboan oinarritutako nazioarteko sistema bat proposatu zuen.[68]

Baháʼí tradizioan komunitatearen batasuna balio nagusietako bat da. Horregatik, Baháʼu'lláh-ek arau argiak ezarri zituen komunitatea bateratuta mantentzeko eta interpretazio-gatazkak saihesteko.[69]

Baháʼí sistemaren arabera, fededun bakoitzak idazki sakratuak modu pertsonalean interpretatzeko askatasuna du. Hala ere, interpretazio horiek ez dira komunitate osoarentzat lotesle edo autoritatibotzat hartzen. Baháʼí tradizioan, interpretazio autoritatiboaren jarraipen-lerroa Baháʼu'lláh-en idazkietan bertan ezarria dago, eta haren ondorengo instituzio eta figura jakin batzuei lotzen zaie.[70][71]

Praktika horrek Baháʼí komunitatea historikoki oso bateratua mantendu du, zatiketa garrantzitsurik gabe.[72] Gaur egun, Justizia Etxe Unibertsala da fedearen azken autoritate instituzionala eta interpretazio-gatazkak ebazteko ardura duen erakundea.[73]

Idazki kanonikoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Bahá'u'lláh-ren Hitz Ezkutuak eta Ziurtasunaren liburua euskaraz.

Baháʼí idazki kanonikoak honako hauek dira: Báb eta Baháʼu'lláh-ren idazlanak, ʻAbdu'l-Bahá-k egiaztatutako idazki eta hitzaldiak, eta Shoghi Effendi eta Justizia Etxe Unibertsalaren idazkiak.[74][75]

Baháʼí-ek testu hauetan guztietan jainkozko argibideak ikusten dituzten arren, garrantziaren arabera, hiru ataletan banatzen dituzte:[74][75]

  1. Idazteunak, hau da, Báb eta Baháʼu'lláh-ren idazlanak.
  2. Ulerterazpen baimenduak, hau da, ʻAbdu'l-Bahá eta Shoghi Effendi-ren idazlanak.
  3. Justizia Etxe Unibertsalak idatzirikoak: legedia eta azalpenak.[74]

BBaháʼu'lláh-ren idazlanik aipagarrienak hauek dira: Kitáb-i-Aqdas (1873), literalki Libururik Sakratuena, norbanakoen zein komunitatearen legeak eta praktikak azaltzen dituena; Kitáb-i-Iqán (1862), literalki Ziurtasunaren Liburua, Baháʼí sinesmenaren oinarrizko azalpenetako bat; eta idazki mistikoak, hala nola Hitz Ezkutuak (1857), Zazpi Haranak (1856), Lau Haranak (1856) eta Jainkozko Misterioen Harribitxiak.[76][77]

Ikasbide espiritualak:

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Erlijioak gizakia bere sortzailearekin harremanetan jartzen du (erlijio = re-ligare). Horretarako gizakiak bere burua ezagutu behar du, ez baita beste biderik Jainkoa ezagutzeko:

    Ez zaitezte izan Jainkoa ahanzten dutenen antzekoak, ondorioz Hark beren buruaz ahanztera eraman baititu. Eta honi buruz Betiereko Errege den Hark... esan du: Bere burua ezagutzen duenak ezagutu du Jainkoa. (Ziurtasunaren Liburua, par. 107)

  • Jainko bakarra dago, Unibertso osoko sortzaile bakarra. Aitzitik, sortzaile hori ezagutezina da, hau da, gizakion ezagutzeko gaitasunetik haratago dago.
  • Hori dela eta, Jainkoak, aroz aro, pertsona bereziak, mezulari jainkotiarrak, Profeta handiak edo bahá'í hitzetan: Jainkoaren Agerpenak bidaltzen ditu.
  • Mezulari edo Agerpen horiek erlijioen sortzaileak dira: Abraham, Moises, Buda, Zoroastro, Jesukristo, Muhammad, Báb eta Bahá'u'lláh, besteak beste. Horiek guztiek agerkunde progresiboa delakoaren parte dira, jainkozko agerkunde beraren katebegiak, alegia:

    Gauza argi eta garbia zaizu Profeta guztiak direla Jainkoaren Kausaren Tenpluak, janzkera ezberdinez jantzita agertu direnak. Begi zuhurrez begiratuko bazenu, etxola berean bizitzen ikusiko zenituzke, zeru berean hegan egiten, tronu berean eserita, hitz berak ahoskatzen, Fede bera hots egiten. Halakoa da izatearen Esentzia horien batasuna, dirdira ikaragarri eta infinituzko Luminaria horiena.(Ziurtasunaren Liburua, 162. par.)

  • Profeta horiek bi ikasbide mota izaten dituzte: espiritualak, batetik bestera aldatzen ez direnak, gizakiari heriotza ordua heltzen zaion unerako prestatzeko; eta sozialak, garaiari eta gizakien ulermen mailari egokituak, zibilizazioari aurrera egiteko lagungarriak; beraz, aldakorrak. Azken ikasbide horiek indarrean jarraitzen dute hurrengo Agerpena heltzen den arte. Denbora tarte horri, Agerpen bat azaltzen denetik hurrengoa azaltzen den arte, Emanaldia esaten diote.

Ikasbide moral eta sozialak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Aurreiritzi guztiak baztertu behar izatea.
  • Generoen arteko erabateko parekotasuna.
  • Erlijio handien funtsezko batasunaren aitorpena.
  • Muturreko pobreziaren zein aberastasunaren desagertzea.
  • Heziketa unibertsala.
  • Norberak egia independenteki ikertu beharra.
  • Zientziaren eta erlijioaren arteko harmonia onartu beharra.
  • Oreka eutsigarria naturaren eta teknologiaren artean.
  • Segurtasun kolektiboan eta gizateriaren batasunean oinarritutako mundu mailako sistema federal baten ezarpena.

Sistema federalaren osagaiak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Mundu Ordena Berria (Bahá'í)»
  • Muga aintzatetsi eta seguruak nazio guztientzat.
  • Mugimendu eta pentsamendu askatasuna herri guztientzat.
  • Armagabetze orokorra.
  • Mundu mailako nazio federazio baten ezarpena.
  • Nazioarteko liskarrak konponduko dituen mundu mailako epaimahai baten ezarpena.
  • Agintea duen nazioarteko indar militar baten sorrera, segurtasun kolektiboaren printzipioen aplikazioaz bakea ezar dezan.
  • Kultur dibertsitatearen babesarekiko konpromisoa, gutxiengoak bereziki zainduz eta indartuz.

Datu demografikoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2020 inguruan, munduan 8 milioi baháʼí inguru zeudela kalkulatu zen.[78][79] 2013an, bi demografo adituk adierazi zuten Baháʼí Fedea izan dela azken ehun urteetan munduko eskualde guztietan biztanleria orokorra baino azkarrago hazi den erlijio bakarra.[80]

Wilmetteko Baháʼí gurtza-etxea

munduan zutik dirauen Baháʼí gurtza-etxerik zaharrena da.[81]]]

Baháʼí populazioaren proportziorik handienak Saharaz hegoaldeko Afrikan (%29,9) eta Hego Asian (%26,8) zeuden; ondoren Hego-ekialdeko Asian (%12,7) eta Latinoamerikan (%12,2).[82] Kopuru txikiagoak Ipar Amerikan (%7,6) eta Ekialde Hurbilean/Ipar Afrikan (%6,2) aurkitzen ziren; proportziorik txikienak, berriz, Europan (%2,0), Australasia eskualdean (%1,6) eta Ipar-ekialdeko Asian (%0,9).[82]

2015ean, Baháʼí Fedea bigarren erlijiorik handiena zen Iranen,[83] Panaman,[84] Belizen,[85] Bolivian,[86] Zambian[87] eta Papua Ginea Berrian;[88] eta hirugarrena Txaden[89] eta Kenyan.[90]

Baháʼí Fedeak XIX. mendean izan zituen hastapenetatik 1950eko hamarkadara arte, fededun gehienak Iranen bizi ziren; Iranetik kanpoko bihurtuak, batez ere, Indian eta Mendebaldeko herrialdeetan aurkitzen ziren.[91] 1950 inguruan 200.000 fededun inguru izatetik,[92] 1980ko hamarkadaren amaieran 4 milioi baino gehiago izatera igaro zen, nazioarteko hedapen handiarekin.[91][93]

XX. mendearen amaierako hazkundearen zati handi bat Ipar Amerikatik sustatu zen, hainbat herrialdetara egindako migrazio planifikatuen bidez.[94] Hala ere, David B. Barrett soziologoaren arabera, Baháʼí Fedea «arraza edo nazio ardatzik gabeko mundu mailako erlijioa» da.[95]

Hazkundea, ordea, ez da uniformea izan. 1920ko hamarkadaren amaieratik 1980ko hamarkadaren amaierara arte, erlijioa debekatua izan zen Sobietar Batasunaren eraginpeko Ekialdeko Blokean, eta haren fededunak jazarriak izan ziren.[96][97][98] Antzeko egoerak gertatu ziren 1970eko eta 1990eko hamarkaden artean Saharaz hegoaldeko Afrikako zenbait herrialdetan.[45]

Jazarpenik gogorrena Iranen eta xiismoa nagusi den inguruko herrialdeetan gertatu da. Zenbait adituk, giza eskubideen erakundek eta behaketa-agentziek egoera hori genozidio saiakeratzat jo izan dute.[19][99]

Beste toki batzuetan, aldiz, Baháʼí Fedeak hazkunde handia izan du. Saharaz hegoaldeko Afrikan, adibidez, komunitateak nabarmen hedatu ziren debekuak ezarri aurretik.[100] 1989an, Justizia Etxe Unibertsalak Bolivia, Bangladesh, Haiti, India, Liberia, Peru, Filipinak eta Taiwan aipatu zituen aurreko hamarkadetan hazkunde aipagarria izan zuten herrialde gisa.[101]

2001 ingurutik aurrera, Justizia Etxe Unibertsalak komunitatearen jarduera-mailak lehenesten hasi zen estatistika orokorren gainetik, hala nola fededunen kopuru osoaren edo tokiko batzarren kopuruaren gainetik.[102][103][104]

Baháʼíak ez dira herrialde bakar batean ere gehiengo erlijiosoa.[105] Gehienetan, populazio osoaren zati txiki bat baino ez dira.[106] Horrek zailtasunak sortzen ditu estatistika zehatzak lortzeko, eta hainbat herrialdetan azpi-erregistroak egon daitezkeela aipatu izan da.[106]

Malietoa Tanumafili II Samoako estatuburua, 1968an Baháʼí bihurtu eta 2007an hil zena, Baháʼí Fedea publikoki onartu zuen lehen estatuburua izan zen.[107] Baháʼí tradizioan, berriz, Maria Errumaniakoa erregina Baháʼu'lláh-en irakaspenak onartu eta sustatu zituen lehen errege-erregina gisa gogoratzen da.[108]

Espainiar estatuan 6.000 bahá'í inguru daude [109], eta Euskal Herrian 200 jarraitzaile inguru.[110]

Bahá'í komunitateak aurki daitezke munduan zehar 187 herrialde independenteetan. 165 Nazio edo eskualde mailako batzarrak eta 18.000tik gora tokiko batzarre osatzen dituzte, 116.000 udaletan bizi dira, 2.100etik gora arraza eta talde etnikoen partaide.[111]

Bahá'u'lláh-ren idaztiak 800 hizkuntzetara itzulita daude, horien artean euskara.[112]

Wilmette-ko tenpluko sabaian Izenik Handiena idatzia: "Ya Bahá'ul'Abhá"

Bederatzi puntako izarra

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erlijio honen sinbolo gehienak arabierazko Bahá (بهاء "aintza" edo "loria"), hitzatik eratortzen dira; horixe baita, bahá’í-en sinismenaren arabera, Jainkoaren Izenik Handiena. Abjad sistemaren arabera, hitz horren zenbakizko balioa, 9 da; hori dela eta, bahá’í sinbolorik erabiliena bederatzi puntako izarra izaten da[113]

Izenik Handiena

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Báb-en idatzia bost puntako izar moduan. Haykal-i-Bab izenaz ezaguna (euskaraz, Báb-en tenplua; persieraz idatzita, هيكل باب)

Eraztunetako sinboloa eta Izenik Handienaren kaligrafia ere Baháʼí tradizioaren sinbolo ezagunak dira. Eraztunetako sinboloan, Bahá hitzaren arabierazko idazkera estilizatua ageri da, bi aldeetan bost puntako izar bana dituela. Izenik Handienaren kaligrafiak, berriz, Yá Baháʼu'l-Abhá (يا بهاء الأبهى, «Oi Aintzatsuenaren Aintza!») esaldia irudikatzen du modu artistikoan.[114]

Bost puntako izarra

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Alta, bahá'í idazteunen arabera, bost puntuko izarra da erlijio horren sinbolo ofiziala[115] Haykal (Tenplu) izenez ezaguna. Bost puntako izarrak gizakiaren gorputza adierazten du; Profetak, gizakiak izanik, Jainkoaren tenplua lurrean baitira. Báb-ek finkatu zuen Haykal sinboloa, eta bere zenbait idazkik forma hori hartzen dute.

Demografia datuak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bahá'í Fedea mundu guztira hedatu da, Munduan fededunak 5 milioitik gora[116] dira ia herrialde guztietan zabaldurik, 6.000 inguru badira espainiar Estatuan<ref>[109], eta Euskal Herrian 200 jarraitzaile inguru ditu.[110]

Bahá'í komunitateak aurki daitezke munduan zehar 187 herrialde independenteetan. 165 Nazio edo eskualde mailako batzarrak eta 18.000tik gora tokiko batzarre osatzen dituzte, 116.000 udaletan bizi dira, 2.100etik gora arraza eta talde etnikoen partaide.[111]

Bahá'u'lláh-ren idaztiak 800 hizkuntzetara itzulita daude, horien artean euskara.[112]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Stockman 2022, ... or. .
  2. Smith 2008, 7 or. .
  3. Hutter 2005, 737 or. .
  4. Johnson & Grim 2013, 17 or. .
  5. Smith 2008, 19 or. .
  6. Amanat 1989, 155 or. .
  7. Hatcher & Martin 1998, 25 or. .
  8. Smith 2008, 9 or. .
  9. Smith 2008, 35 or. .
  10. Hatcher & Martin 1998, 74 or. .
  11. Hutter 2005, 741 or. .
  12. Smith 2008, 36 or. .
  13. Hatcher & Martin 1998, 83 or. .
  14. Smith 2000, 73 or. .
  15. Hartz 2009, 11 or. .
  16. A.V. 2017.
  17. Smith 2008, 19–20 or. .
  18. Taherzadeh 1987, 125 or. .
  19. 1 2 3 Affolter 2005.
  20. Smith 2008, 56 or. .
  21. 1 2 3 4 5 Daume & Watson 1992.
  22. MacEoin 2009, 414 or. .
  23. Hartz 2009, 75–76 or. .
  24. Smith 2008, 101 or. .
  25. MacEoin 2009, 498 or. .
  26. Warburg 2006, 145 or. .
  27. Momen 2008, 57–82 or. .
  28. Warburg 2006, 146 or. .
  29. Warburg 2006, 146–147 or. .
  30. 1 2 3 4 5 6 7 Hutter 2005, 737–740 or. .
  31. Hartz 2009, 48, 51 or. .
  32. Smith 2008, 20–21, 28 or. .
  33. Stockman 2013, 2 or. .
  34. Berry 2004.
  35. 1 2 Hartz 2009, 73–76 or. .
  36. 1 2 Smith 2008, 55–57 or. .
  37. 1 2 Smith 2008, 52–53 or. .
  38. 1 2 Stockman 2021.
  39. 1 2 Yazdani 2022.
  40. 1 2 Smith 2008, 55–69 or. .
  41. Smith 2008, 64 or. .
  42. Effendi 1971, 41–42 or. .
  43. Smith 2022a.
  44. 1 2 Iranica-Bayt-al-'adl 1989.
  45. 1 2 Smith & Momen 1989.
  46. Hartz 2009, 107 or. .
  47. 1 2 Fozdar 2015.
  48. Smith 2008, 160 or. .
  49. Warburg 2001, 20 or. .
  50. Smith 2008, 108–109 or. .
  51. Smith 2008, 106 or. .
  52. Smith 2008, 106–107,111–112 or. .
  53. Stockman 2013, 33 or. .
  54. 1 2 3 4 Hatcher 2005.
  55. 1 2 Cole 1982.
  56. Hartz 2009, 14 or. .
  57. Stockman 2013, 40–42 or. .
  58. McMullen 2000, 7 or. .
  59. Hartz 2009, 24 or. .
  60. Van der Vyer 1996, 449 or. .
  61. Britannica-Bahai 2024.
  62. McMullen 2000, 57–58 or. .
  63. Smith 2008, 111–113 or. .
  64. Stockman 2013, 45 or. .
  65. Iranica-The Faith 1988.
  66. Stockman 2013, 9 or. .
  67. Hartz 2009, 21 or. .
  68. Smith 2000, 266–267 or. .
  69. Hartz 2009, 20 or. .
  70. Smith 2008, 111–112 or. .
  71. Hartz 2009, 19–20 or. .
  72. Smith 2000, 114 or. .
  73. Stockman 2020, 36–37 or. .
  74. 1 2 3 Smith 2000, 346–350 or. .
  75. 1 2 Stockman 2021, 132–151 or. .
  76. Smith 2008, 80–89 or. .
  77. Hatcher & Martin 1998, 82–89 or. .
  78. Smith 2022b, 509 or. .
  79. Baha'is by Country. Institute on Culture, Religion, and World Affairs (kontsulta data: 2020-12-21).
  80. Johnson & Grim 2013.
  81. Stausberg 2011, 96 or. .
  82. 1 2 Smith 2022a, 510 or. .
  83. ARDA-Iran 2015.
  84. ARDA-Panama 2015.
  85. ARDA-Belize 2015.
  86. ARDA-Bolivia 2015.
  87. ARDA-Zambia 2015.
  88. ARDA-PNG 2015.
  89. ARDA-Chad 2015.
  90. ARDA-Kenya 2015.
  91. 1 2 Smith & Momen 1989, 70–71 or. .
  92. Smith 2016.
  93. Daume & Watson 1988, 303 or. .
  94. Hampson 1980, 458–459,472 or. .
  95. World Christian Encyclopedia 2001.
  96. Kolarz 1962, 470–473 or. .
  97. Momen 1994a.
  98. Hassall 1992.
  99. Morlock 2021.
  100. UofC-SubSaharan.
  101. UHJ-Ridvan1989.
  102. Stockman 2022a, 565 or. .
  103. Stockman 2022b, 578 or. .
  104. Hassall 2022, 588 or. .
  105. Park 2004.
  106. 1 2 Pew 2012.
  107. Hassall 2022.
  108. Iranica-Marie.
  109. 1 2 Arregi 2004, 346 or. .
  110. 1 2 Ruiz Vieytez 2011.
  111. 1 2 Baháʼí International Community 1994.
  112. 1 2 Baháʼí World News Service 2026.
  113. Smith 2000.
  114. Smith 2000, 167, 286–287 or. .
  115. Effendi 1973, 51–52 or. .
  116. Datuak www.bahai.org webgune ofizialean

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]