close
Edukira joan

Ligur

Wikipedia, Entziklopedia askea
Talde etniko infotaulaLigur

Motaetnia eta talde etniko historiko
PeriodoBurdin Aroa, Antzinaroa eta Protohistoria
Geografia
EstatuaItalia eta Frantzia
Hedapen mapa

Ligurak[1] (antzinako grezieraz: Λιγυες, latinez: Ligures < *Liguses) Europako herri protohistoriko bat izan ziren. Gaur egungo Frantziako hego-ekialdean eta Italiako ipar-mendebaldean bizi ziren. Ziur asko Mendebaldeko Mediterraneoko talde kultural neolitikoan sustraitua, oraindik ez dago argi herri aurreindoeuroparrak ziren ala zelten eta latindarren aurretik iritsitako migrazio bateko herri indoeuroparra. Toponimian eta arkeologian euren hizkuntzaren ustezko aztarnak geratzen dira.

Gaur egun ere izen bera erabiltzen da Liguriako eskualdearen herritarrak izendatzeko.

Plutarkoren arabera, euren buruari Ambrōnes izena ematen zioten, "uretako herria" esan nahi omen zuena (Europa iparraldeko beste herri bat bezala). Ligur hitza ziur asko greziar jatorrikoa da. XX. mendeko historialari batzuek Anatoliako herri baten izenaren transposizioa ikusi dute izen horretan. Nino Lambogliak, *liga izango litzatekeen erro indigena baten existentziaren hipotesia proposatu du, bere esanahia padura edo uharka etnonimoa litzatekeelarik. Camille Jullianek, Pascal Arnaudek eta Dominique Garciak izena grezierazko lygies hitzetik datorrela iradoki dute, "oso altua, toki esekia" esan nahiko lukeena. Hipotesi honen arabera, beraz, ligur hitzak "goragokoa" esan nahiko luke.

Regio IX Liguria, Augustoren agintaldian.

Ligurak bizi ziren lurraldean, nekazaritza eta nabigazioa K.a. VI. milurtekoa eta K.a. V. milurtekoa bitartean zabaldu zen Mendebaldeko Mediterraneoan hedatu zen zeramika kardialarekin batera. Ligurak herri aurreindoeuropartzat hartuz gero, K.a. IV. milurtekoan euren arbasoek Chassey-Cortaillod-La Lagozza multzo kultural aberatsean parte hartu zutela ondoriozta daiteke. Kultura horrek, tarte batez, Frantziako hego-ekialdea, Suitza mendebaldea eta Italia iparraldea elkartu zituen eta ondoren, herri haiek talde txikiagotan banatu ziren. K.a. XIII. mendeko indoeuropar inbasioek euren lurraldearen zati bat konkistatu zuten, ligurak Alpeetako beheko lurren eskualdean isolatuz (egungo Proventza eta Ligurian). Beranduago erromatartuak izan ziren.

K.a. VIII. mende inguruan jaio zen Hesiodok idatzitako Katalogoak laneko testu baten zatiak, Estrabonek aipatua, ligurak herri barbaroen hiru talde handien artean aipatzen ditu, etiopiar eta eszitiarrekin batera.

Testuaren interpretaziorik ohikoenaren arabera, ligurek, garai hartan, greziarrek ezagutzen zuten munduaren mendebaldeko zatia kontrolatzen zuten. Irakurketa edo ondorio hori baliozkotzat hartu dute H. A. de Jubainville XIX. mendeko historialari eta paleografo frantsesak, Camille Jullianek XIX./XX. mendetako historialari eta filologoak. Berrikiago ideia bera defendatu dute Guy Barruol, historialari eta arkeologo frantses ospetsuak, G. Colonnak edo Filippo Maria Gambari arkeologo italiarrak ere. Gaur egun sarri faltsutzat jotzen da, liguren ordez libiarrak aipatzen dituen K.a. III. mendeko papiro egiptoar bat aurkitu baita. Bestalde, papiroak transkripzio akats bat izan dezake.

Rufo Festo Avienok, ziur asko marsellar jatorrikoa eta K.a. VI. mendean dataturik dagoen antzinako bidaia kontakizun baten latinerako bere itzulpenean, ligurak antzina Ipar Itsasoraino hedatu zirela dio, zeltek Alpeetaraino kanporatu edo asimilatu zituzten arte. Avienok, gainera, ligureen eta iberiarren arteko muga Agde (Hérault departamentuan, Narbonatik ekialdera) hirien jartzen du.

Esteban Bizantziokoak Hekateo Miletokoaren Europa liburutik aipatzen dituen zatietan esaten da K.a. VI. mendearen amaieran Marsella hiri ligurra zela eta elisiarrak tribu ligurra.

Sasi-Eszilaxen Bidaia lanak, K.a. VI. mendearen amaiera eta K.a. IV. mendea bitartean idatzia izan zena, honako azalpenak ematen ditu:

« III. Ligurak eta iberiarrak. Iberiarren ondoren, ligurak eta iberiarrak bizi dira nahastuak Rodanoraino. Empúriesetik Rodanorainoko nabigazioa bi egun eta gau batekoa zen.

IV. Ligurak. Rodanotik haratuago ligurak jarraituz Antioneraino. Eskualde honetan dago Massalia hiri erromatarra bere portuarekin.

»

Sasi-Scymnosek, K.a. IV. mendeko iturrietan oinarritua, Liguria Emporion eta tirreniarrak bizi ziren lurraldearen arteko kostaldeko eskualde bat bezala deskribatzen du. Zeltak mendebaldeko herririk handiena zirela ere aipatzen du.

Aristotelesek (K.a. IV. mendea) Rodano ibaiaren lurpeko ibilgua Bellegarde-sur-Valserine herrian kokatzen du, Ligurian. Herodotoren arabera, ligurrek mendebaldeko Mediterraneoa kontrolatzen zuten.

Egile latindarrek Frantzia eta Italiako Alpeetan topatu zituzten, baita Apeninoen ipar-mendebaldean ere. Lurralde askoz handiago bat ere hartu zutela diote: Italian (Piamonte, Toskana, Unbria eta Lazio) mendebalderantz Languedoc eta baita agian Iberiar penintsula ere.

Erromatarrekin gatazka

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erromatar Errepublika oso modu gatazkatsuan hasi zen ligurrekin harremanetan Lehen Gerra Punikoaren eta Galia Zisalpinan ezarri ondoren. Luzio Anneo Floro historialari erromatarrak hala deskribatzen ditu erromatarrek borrokatzen zuten herria ligurren gerran zehar (K.a. 239-K.a. 173)

« Ligurak, Alpeen barrenean akuartelatuak, Var eta Magra ibaien artean, eta sastraken artean ezkutatuak, aurkitzen garaitzen baino zailagoak ziren. Gudu zelaitik euren erretretek ematen zieten segurtasunarekin eta ihes egiterakoan zuten lastertasunarekin, arraza nekaezin eta abil hau, gerlaria baino gehiago bidelapurra zen. Azkenik, Quinto Fulvio Flakok euren gordelekuak sute handiekin inguratu zituen; Luzio Bebio Divitek lautadara jeitsiarazi zituen eta Postumiok erabat armagabetu zituen, soilik lurra ereiteko balio zuten burdinazko tresnekin utziz. Luzio Anneo Floro, Erromatar Historiaren Bilketa »

Tito Liviok dio K.a. 189an ligurrek Hispanian errenditu zen Luzio Bebioren legioaren aurka garaipen militar bat lortu zutela. Autore berak kontatzen du, halaber, erromatarrek 47.000 ligur apuanoar inguru birkokatu zituztela 180an eta 179an gertatutako bi deportazio handitan. Ligur haiek Italiako ipar-mendebaldeko lurraldean erromatarren hedapenari gogor aurre egin zioten, eta zigor eta neurri estrategiko gisa, Erromak hegoaldera eramatea erabaki zuen, hamarkada batzuk lehenago konkistatutako Samnio eskualdera. Arkeologoek kokapen horretako aztarnak aurkitu dituzte.[2]

Ligurren hirietako bat Veleia izan zen, K.a. II. mendearen lehen erdian Erromak, K.a. 158. urtean konkistatu zuena[3].

Salustiok eta Plutarkok Jugurtaren gerran (K.a. 112-K.a. 105) eta Zinbriarren gerran (K.a. 104-K.a. 101) ligurrek erromatar armadaren tropa laguntzaile zerbitzatu zutela diote. Azken gatazka honetan paper garrantzitsua izan zuten Aquae Sextiaeko guduan.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Euskaltzaindia. (2015-1-30). 174. araua: Antzinateko herriak. Ekialdeko eta Europako herriak. , 3 or..
  2. (Gaztelaniaz) Carvajal, Guillermo. (2026-07-15). «El hallazgo arqueológico de los Ligures Baebiani revela cómo Roma usó las deportaciones masivas para controlar su imperio» La Brújula Verde (kontsulta data: 2026-07-15).
  3. (Gaztelaniaz) Geijo, Sergio. (2020-03-08). «LA CIUDAD ROMANO-LIGUR DE VELEIA» VIATOR IMPERI (kontsulta data: 2023-08-13).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]