Hekateo Miletokoa

Hekateo Miletokoa (grezieraz, Ἑκαταῖος ὁ Μιλήσιος), greziar historiagile eta geografoa (K.a. 540 inguruan - 480) izan zen, Joniako historiagilerik ezagunena eta Herodotoren aitzindaritzat hartu ohi dena. Asia, Egipto eta Europan barrena ibili ondoren, Periegesis (Bidaia munduan barrena) bat idatzi zuen. Gaur egun Hekateoren obraren zati batzuk besterik ez dira ezagutzen. Genealogiai izenburuko obra antzinako Greziaren historiaren laburpena da eta haren sarreran historia hitza lehen aldiz erabiltzen da bilakuntza zentzuan. Joniako bizitza politikoan esku hartu zuen.[1] Herodotoren esanetan, Hegesandroren seme zen.[2]
Bere metodo historikoaren jatorriak logografoen artean sailkatzera garamatza, baina, hala ere, bere Genealogiai idazlanean lehena izan zen iragan mitologikoa eta historikoa bereizten, historiografiaren garapenean urrats erabakigarria izan zena. Herodotok erabili zituen iturrietatik, bera izan zen bere izenez aipatu zuen bakarra. Geografiaren eta kosmografiaren aurrekaritzat ere har daiteke. Ez da nahastu behar Hekateo Abderakoarekin, historialaria hura ere, bi mende geroago bizi izan zena.
Mileton jaio zen, familia aberats batean, eta Hekate jainkosaren izena jaso zuen. Persiar inbasioaren garaian iritsi zen heldutasunera. Bidaia luzeen ostean, bere jaioterrian finkatu zen; goi karguetan aritu zen, eta lan historiko eta geografikoak konposatzen aritu zen. Aristagorasek Mileton joniarren kontseilu bat deitu zuenean pertsiar boterearen aurkako errebolta joniarra antolatzeko, Hekateo alferrik saiatu zen bere herrikideak ez jarraitzeko konbentzitzen (Herodoto 5.36, 125). K. a. 494. urtean, joniarrek errendizioa negoziatu behar izan zutenean, bera izan zen enbaxadoreetako bat Artafernes persiar satraparen aurrean, eta hiri joniarrak berreraikitzeko baimena eman ziezaiola konbentzitu zuen.[3]
Herri zeltak aipatzen dituzten lehen autore klasikoetako bat izan zen.[4]
Obra
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hekateorena dela uste da Ges Periodos ("Bidaiak lurraren barna") idazlana. Bi liburutan banatuta dago, eta horietako bakoitza periplo moduan antolatuta dago (kostaldeko nabigazioa, geldialdiekin). Lehenengoa, Europari buruzkoa, Mediterraneoko bidaia bat da funtsean, bisitatutako eskualde bakoitza banan-banan deskribatzen duena, Eszitiaraino iritsi zena. Bigarrena, Asiari buruzkoa, egile ezezaguna duen Eritre itsasoaren[oh 1] periploa idazlanaren antzera antolatua, dago eta I. mendeko bertsio batek bizirik dirau. Hekateok "mundu ezaguneko" herrialde eta herriak deskribatzen ditu, Egiptoko zatia bereziki osatua delarik. Deskribapenekin batera, mapa bat dago, Anaximandrorenean oinarrituta, eta mapa hori zuzendu eta handitu egin zuen. Obraren 374 zati kontserbatzen dira, gehienak Bizantiumeko Estefanok bildutako Ethnika (Εθνικά) hiztegi edo aurkibide geografiko-etniko-filolologikoan aipatuak.
Genealogiai idazlana ere egin zuen, greziar tradizioen eta mitologiaren bilduma arrazionalki sistematizatzen duena eta mitoak eraikitzeko tradizio epikoarekin hausten duena. Zati gutxi kontserbatzen dira, baina nahikoa duen garrantzia ulertzeko.
Eszeptizismoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hekateoren obrak, batez ere Genealogiaietan, eszeptizismo sakona erakusten dute:
| « | Hau dio Hecateo Miletokoak: Egiatzat daukadana idazten dut, greziarren istorioak barregarriak iruditzen zaizkit. | » |
Bere garaikide Xenofanesek ez bezala, mitoak ez ditu mito direlako kritikatzen, bere bidaietan aurkitu dituen mitologia kontraesankor ugariren berri izan duelako eta bere sinesgogortasuna zalantzazkoa dela iritzi du.
Argigarria da Tebasko tenplu egiptoar batera egindako bisitaren pasadizoa (Herodoto, II.a, 143). Apaizak estatua batzuk erakusten dizkio Herodotori tenpluaren barrualde sakratuan, belaunaldi bakoitzeko apaiz nagusiak ustez eraikitakoak. Hekateok, dio Herodotok, hura ikusi ondoren, apaizei aipatu zien berak berreraiki zezakeela bere arbasoen lerroa hamasei belaunalditan, jainko batengana iritsi arte. Egiptoarrek, ordea, 345 estatuatan oinarrituta zegoen genealogiarekin alderatuz, guztiak hilkorrenak, ez zuten sinestu Hekateo pertsonai mitologiko baten ondorengoa izan zitekeenik. Antzinako Egiptorekin topo egite hori Hekateoren eszeptizismoan eragin erabakigarria izan zuela esaten da. Greziarren iragan mitologizatua hutsal bihurtzen da Mizenas sortu aurretik jada antzinakoa zen zibilizazio baten historiarekin alderatzen denean.
Hekateo izan zen, ziurrenik, prosazko istorio serio bat egiten saiatu eta mitoa eta gertaera historikoa bereizteko metodo kritikoa erabili zuen lehen logografoa, nahiz eta Homero eta beste poeta batzuk agintari fidagarri gisa onartu zituen. Herodotok prosazko historiaren kontzeptua zor dio Hekateori, nahiz eta batzuetan haren edukia eztabaidatzen zuen.
Eponimia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Hecataeus ilargi-kraterrak izen hori darama bere omenez.
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Ingelesez) Zenbait Egile (1910-1911). «Hecataeus of Miletus». In: Chisholm, Hugh, ed. Encyclopædia Britannica. A Dictionary of Arts, Sciences, Literature, and General information (11. argitalpena). Encyclopædia Britannica, Inc.; gaur egun jabetza publikoan.
Oharrak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Eritre itsasoa antzina erabiltzen zen izendapena da. Afrika ekialdea, Arabiar penintsula eta Idia mendebaldearen artean zegoen itsasoa izndatzeko
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ «Hekateo Miletokoa» Lur Hiztegi Entziklopedikoa (kontsulta data: 2024-10-12).
- ↑ Heródoto, Historias, VI, 137.
- ↑ Diodoro Sikulo, Biblioteka Historikoa, X. 25.
- ↑ Alganza Roldán, Minerva. (2012). Hecateo de Mileto, «historiador» y «mitógrafo». , 23-44 or..
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Ingelesez) Lendering, Jona (2019-12-16). Hecataeus of Miletus (c.550-c.490): Greek geographer and researcher, designer of a world map and author of a book on chronology., Livius.
- (Ingelesez) Hecataeus of Miletus Iranica: Artikulu zehatza bibliografiarekin.
- (Ingelesez) Hecataeus Perseus Proiektuaren web-gunean.