Laute
| Laute | |
|---|---|
| plucked string necked bowl lute (en) | |
| Identifikazioa | |
| Hornbostel-Sachs sailkapena | 321.321-5 |


Lautea antzinako harizko musika tresna da, hatzekin joa; pultsatutako kordofonoen familiako soinu-tresna da.[1] Ud izeneko arabiar edo persiar musika tresna baten ondorengo zuzena da. Aurretik kaxa laua du eta atzetik biribila da, udare erdi baten modukoa. Giderraren muturrean, kabilen tokia normalean atzerantz tolestuta egoten da. Sei hari ditu, denak bikoitzak, garaiena izan ezik.[2]
XIV. eta XVIII. mendeen artean asko erabili zen musika-tresna izan zen. XX. mendetik aurrera, ospearen gorakada berri bat izan zuen.[3]
Gaur egun, arlo teknikoan, terminoa edozein kordofono izendatzeko ere erabiltzen da, eskuarki erresonantzia kaxa ez-lau bat duenean (gitarrarekin kontrajarrita, bereziki).
Laute motak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Laute-mota nagusiak hiru hauek dira:
Laute arabiarra edo Oud
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Arabieraz: `ūd (عود); besteen artean "egur" esanahia du. Hau gainerako lauteen jatorria da. Tradizioaren aranera laute-jotzaile handiena Kordoban bizi zen musikari pertsiar bat izan zen, Abu Hassan Ali ben Nafi, Ziryab (789-857) izenarekin ezaguna.[4] Ziryabek aldaketa organologiko (sokak eranstea) eta tekniko batzuk sartu zituen (hegazti-lumaz egindako lektroz interpretatzea, normalean zurez erabiltzen denaren ordez). Arabiar herrialdeetan eta Ekialde Hurbilean erabiltzen den lauteak ez du trasterik, horiek ekialdeko musikarako beharrezkoak diren tonu-laurdenak egitea eragotziko bailukete. Europakoa baino masta laburragoa eta erresonantzia-kaxa handiagoa du. Arabiar herrialde guztietako musika klasikoan eta herrikoian erabiltzen da, baita Turkia, Iran, Pakistan, Armenia eta Georgian ere.
Errenazimentu eta barrokoaren garaiko hari pultsatuko instrumentua.[5] Erresonantzia-kaxak madari-erdiaren itxura du eta atzetik sabelduna da. Larako-etxeak atzeranzko angelu nabaria osatzen du giderrarekin. Laute arabiarra edo uda ez bezala, hatzez jotzen da eta koskak ditu, eta, horren ondorioz, funtzio harmonikoa bete dezake. Oso erabilia izan zen Europan XVI-XVII. mendeetan (Errenazimentuan, musika europarraren instrumentu nagusia izan zen). Era eta tamaina askotakoak daude, hari-kopurua aldatu egiten da, eta harien tonuak ere bai. Dena den, laute errenazentistak 6 hari zituen, beheko bostak bikoitzak, eta harien tonuak ereduaren araberakoak izaten ziren: sol0sol1-do1do2-fa2fa2-la2la2-re3re3-sol3 (viel ton). XVII. mendetik aurrera, tonuereduak ugaritu egin ziren.[6]
Txinako pultsatutako musika tresna tradizional bat da, Europako lautearen antzerakoa. Pipa, lehen aldiz, K. a. II. mendeko testuetan aipatzen da. Beronen ondorengo dira ekialde urruneko zenbait musika tresna tradizional, horietatik ezagunenak, Japoniako biwa, Vietnameko đàn tỳ bà eta Koreako bipa direlarik, azken hau, jada erabiltzen ez dena, musika tresna batzuk soilik museoetan kontserbatzen direlarik. Pipa, lau harizko musika tresna bat da, non, erresonantzia kaxak madari forma duen. Masta labur eta kurbatu bat du, estalki harmonikoaren zati bat hartzen duten hogeita hamar traste dituena, honela, hedadura handia eskainiz.
Gaur egungo laute-jotzaileak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Musikari ugarien artean hauek aipa daitezke:
- Konrad Ragossnig,
- Robert Barto,
- Desmond Dupré,
- Eduardo Egüez,
- Edin Karamazov,
- Luca Pianca,
- Edmund Spencer,
- Hopkinson Smith,
- Axel Wolf,
- Nigel North,
- Eligio Quinteiro,
- Stephen Stubbs,
- Richard Stone,
- Pascal Monteilhet,
- Ariel Abramovich,
- Evangelina Mascardi,
- Luciano Contini,
- William Waters,
- Paul O' Dette,
- Rolf Lislevand,
- Anthony Rooley,
- Eugène Ferré.
Laute Euskal Herrian
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gaur egun mota honetako harizko soinu-tresnak eta errondaila edo estudiantina gisako harizko taldeak urriak badira ere, beste garaietan garrantzizkoak izan ziren Euskal Herrian. Oraindik ere, besteak beste, Bizkaiko kostaldean Lekeition (Estudiantina) eta Mundakan (Atorrak), zein Nafarroako Erribera aldean entzun daitezke halakoak. Erriberan mantendu da bizien halako soinu-tresnen erabilpena, berezko izaerarekin eta herriko kulturarekiko loturarekin, joten laguntzaile bezala, besteak beste.[1]
Aita Donostiak (1951) ematen ditu soinu-tresna hauei buruzko zenbait datu zahar. Nafarroako Korteari loturiko honako aipamenak jaso zituen: “Ancho de Echalecu-ri erregeak laud bat erosi zionari (1424)” (11.or.) eta “Bianako Príntzipeak (1421-1461) bazeuzkan frantziar abeslari bat, nafartar laud-jole bat eta ingeles organo-jole bat” (12. or.).[1]
Bestalde, informazio gutxi badago ere, garbi dago errondaila eta estudiantina gisako taldeak, XIX. mendean Euskal Herriko herri askotan ezagutzen zirela.[1] Talde hauek, handiago edo txikiagoak izatearen arabera, ondoko soinu-tresnez osaturikoak izan zitezkeen:
- Soka punteatua.- Bandurria eta lautea doinu-emaileak, gitarra harmonia- eta erritmo-emailea, eta batzuetan mandolina ere erabiltzen zen doinu-emaile gisa.
- Soka igurtzitakoa.- Biolina.
- Haizezkoa.- Zeharkako flauta eta klarinetea.
- Panderoa, triangelua eta bestelakoak erritmoa markatzeko.[7]
Ikonografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Arte plastikoetan lautea harmoniaren sinbolo gisa irudikatu ohi da. Halakorik ez dagoenean, hautsitako sokaren batekin irudikatzen da. Erromako Santa Zeziliaren atribututzat ere hartzen da.[8]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2012/10/12 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- 1 2 3 4 «Lautea | Soinuenea Herri Musikaren Txokoa» entziklopedia.soinuenea.eus (kontsulta data: 2026-06-11).
- ↑ (Gaztelaniaz) MusicaAntigua. (2024-08-23). El laúd árabe medieval: Historia y construcción - MusicaAntigua.com. (kontsulta data: 2026-06-11).
- ↑ (Gaztelaniaz) «¿Qué es un laúd? Significado, historia, tipos y diferencias» Alhambra Guitarras (kontsulta data: 2026-06-11).
- ↑ (Gaztelaniaz) MusicaAntigua. (2024-08-23). El laúd árabe medieval: Historia y construcción - MusicaAntigua.com. (kontsulta data: 2026-06-11).
- ↑ .
- ↑ https://www.euskadi.eus/contenidos/informacion/terminologia_plangintza_lanak/eu_def/adjuntos/MusikaHiztegia.pdf, 44.or.
- ↑ r01epd0122e4ed314423e0db04c97a47b5baa317f, r01etpd158aa64558419b9ec5ed77644af02263cda. (2004-08-24). «Euskal instrumentoak» www.euskadi.eus (kontsulta data: 2026-06-11).
- ↑ (Gaztelaniaz) «El porqué de Santa Cecilia - ATELIER DE CELIA» www.atelierdecelia.com (kontsulta data: 2026-06-11).