close
Edukira joan

Minerva

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Minerva
Antzinako Erromako erlijioa
Ezaugarriak
Jatorrizko izenaMinerva
Sexuaemakumezkoa
BaliokideakAtena, Senuna (en) Itzuli, Belisama, Sulis eta Menrva
Domeinuaartisaua, trade (en) Itzuli, olerkaria eta irakaslea
Familia
AitaJupiter
AmaMetis
Ezkontidea(k)ezkongabea

Minerva[1] (latinez: Minerva, miˈnɛr.wa ahoskatua; etruskoz: Menrva) erromatar mitologiako jainkosa bat da, greziar mitologiako Atenaren baliokidea.

Antzinako Erroman, Minerva izan zen artisauen jainkosa, lanbideena, artearena eta, geroago, gerrarena ere. Greziar kulturaren eraginez, Atena grekoarekin identifikatu zuten. Zenbait adituk uste dute Etruriaren bidez Erroman sartutako Atena jainkosaren garapena izan zela. Uste hori indartu egiten da Kapitolinoan, erromatar erlijioaren zentroan, jainko-jainkosen triada osatzen zutenetako bat zelako, Jupiterrekin eta Junonekin batera. Minervari eskainitako Aventinoko santutegia artisauen gremioen topaleku izan zen, eta noizbait poetak eta aktore dramatikoak izan zituen.[2]

Gerraren jainkosatzat gurtua zelarik, Marteren berezko funtzioa inbaditu zuen. Ponpeiok tenplu bat eraiki zuen harentzat, Ekialdeko konkistetako harrapakinekin, eta horrek erakusten du ordurako Atena Nike greziarrarekin, garaipenaren jainkosarekin, identifikatu zuela, edo Atena Poliasekin, hau da, Atenas hiriaren jainkosa babeslearekin. Domiziano enperadorea —zeinak Minervaren babes berezia zuela esaten baitzuen— agintean zen aldian, jainkosaren gurtza bere unerik gorenera iritsi zen.[2][3]

Hala ere, ez dago argi Minervaren jatorrizko ezaugarriak zein ziren eta zergatik eman zitzaion hainbesteko garrantzia. Minervaren estatua batek (K.a. V. mendekoa, greziar eraginekoa), bi ezaugarri adierazten ditu: gerlariarena eta amarena, edo haur eta gazteen zaindariarena (Kourotrophos).[3] Junonek ere ezaugarri horiek zituen garai arkaikoan; baina, Jupiterren gurtzak garrantzia irabazi ahala, bi jainkosen funtzioak eta itzala apaldu ziren.

Tradizioaren esanetan, Tarkinio Prisko erregeak, Jupiterri Kapitolioan tenplu berri bat eraikitzen hasi zenean, aurretik zeuden jainko eta jainkosen tenplu edo gurtza leku guztiak handik kendu behar izan ziren, eta jainko-jainkosak beste leku batera eraman. Bi besterik ez ziren geratu: Terminus eta Juventas. Terminus Jupiterren kaperan geratu zen; eta Juventas, gazteak babesten zituen jainkosa, Minervarenean, jainkosa handiak gaztetasunarekin zuen lotura indartuta.[3]

Minerva Jupiterren alaba zen. Jupiterri iragarri zioten bere maitale Metisen, zuhurtasunaren jainkosaren, ondorengo batek tronutik kenduko zuela. Jupiterrek, orduan, haurdun zegoen Metis irentsi zuen. Beranduago, berebiziko buruko mina sentitu zuen Jupiterrek eta Vulkanori laguntza eskatu zion, burua ireki zion aizkorakada batez eta bertatik Minerva sortu zen, armatua eta bere aitari Gigantomakian (erraldoien aurkako gerra) laguntzea ahalbidetu zion adinarekin, non bere ausardiagatik nabarmendu zen.

Tituluak eta rolak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Herculanum hiriko fresko batean: Herkules, Junon eta Minerva, Olinpon.

Minerva izena, beharbada, etruriarrengandik hartu zen, haiek Menrva deitzen baitzuten. Erromatarrek, erraz nahastuko zuten bere izen atzerritarra latinezko "mens" (burua) hitzarekin, jainkosa bezala zuen arloetako bat, ez baitzen soilik gerraren jainkosa, baizik eta baita adimenarena ere.

Jainkosa hau, Olinpoko alabarik gogokoena zen, nork bere gorengo pribilegioetakoren batzuk eman zizkion. Profeziaren dohaina zuen, bere gogoz, hilkorren bizitzak luzatzen zituen, zoriontasuna lortzen zuen hil ondoren: berak, buru keinu batekin adierazten zuen oro, atzerabueltarik gabekoa zen, agintzen zuen oro, beti iristen zen. Bere ezaugarriak egida (Medusaren buruarekin apaindutako ezkutua), olibadia eta lantza ziren.

Minervaren estatua Herbeheretako Heerlen hiriko Thermenmuseum museoan.

Jakinduriaren, arteen eta gerra-tekniken jainkosa da, Erromaren babeslea eta artisauen zaindaria izateaz gain.

Jainkosa hori aurpegi larri eta zorrotzez irudikatu ohi da, eskuineko eskuan pika bat eta ezkerrean ezkutua. Bere bularrean benetako egida du, Medusaren burua erliebean zizelkatuta duen koraza modukoa. Penatxo edo oilar batez koroatutako kaskoak babesten dio burua. Bere oinetan hontza edo mozoloa agertzen dira, hegazti zaintzaileak[4].

Oro har, eserita agertzen da, baina, zutik dagoenean, beti, gerlari baten joera ausartarekin, kutsu pentsakor bat eta begirada, pentsamendu handitan jarria du.

Mito famatu askotan agertzen da, Greziako Atena homologoaren istorio asko Minervari egotzi zizkiotalako erromatar idazle eta poeta greziazaleek. Hau da, mito horiek ez dira erromatar edo italiar jatorrizko mitologiaren osagarri. Eta horrela, italiar izena duen Minerva, egertzen da adibidez, Atenas hiriaren izenaren sorreran[5], Neptunoren eta Minervaren arteko lehiaketa baten ondorioz ezarritakoa[6], edo Minervak Atenaseko lehen olibondoa jarri zuela kontatzen duen mitoa[7]. Mito hori, jatorriz, Atenas hirira guztiz lotuta dago, han gordetzen baitzen Atena jainkosaren olibondo sakratua.

Atenasen hiriaren fundazioa. Minervaren istorioaren pasarterik ospetsuenetako bat Neptuno itsasoetako jainkoarekin Atenas hiriari izena emateko izan zuen desadostasuna da. Epaile bezala aukeraturiko hamabi jainko-jainkosa handik erabaki zuten hiriarentzako gauzarik erabilgarriena egiten zuenak bere izena emango ziola hiriari. Neptunok, bere hiruhortzaren kolpe batez, lurretik zaldi bat sorrarazi zuen, eta Minervak, berriz, olibondo bat sorrarazi zuen; azken honek irabazi zuen.

Parisen epaiketa

Tetis nereidaren eta Peleoren ezkontzara garaiko noblezia guztia eta Olinpoko jainko-jainkosa guztiak gonbitatu zituzten, bat izan ezik, Eris edo Liskar, anabasarik eta haserrerik sor ez zezan. Izugarri haserretu zen Liskar, eta bazkariaren amaieran azaldu zen eta urrezko sagar bat bota zuen mahai gainera, "Ederrenarentzat" esanez. Hemen hasi zen benetako sesioa. Venus, Junon eta Minerva aurkeztu ziren lehiara eta Paris gizon gazte ederra aritu zen epaile. Minervak, bere lehiakideak gainditzeko nahiarekin, bere epaileari, ezagutza eta bertutea eskaini zizkion. Bere eskaintzak, ordea, alferrikakoak izan ziren eta Parisek Venus aukeratu zuen. Minerva asko haserretu zen eta, Troiako Gerran, Minerva akaiarren alde egin zen.

Arakne

Halako batean, Minervak Araknerekin lehiatu zuen, bietatik, ehuntzen azkarrena zein zen jakiteko. Frogatzeko, Minervak lan bat proposatu zion: oihal bikain bat egitea. Minervak Arakneren nagusitasuna ikustean, oso jeloskor jarri zen eta lehiakidea armiarma bihurtu (Ovidiok bere Metamorfosiak idazlanean kontatzen duenaren arabera). Horregatik, Minerva, jainkosa gupidagabea zela esaten zen. Mito hori, Diego Velázquezek irudikatu zuen Iruleak izeneko bere oihal ospetsuan, gaur egun Madrilgo Pradoko Museoan dagoena.

Argonautak

Minerva da argonauten ontzia bere marrazkiaren arabera eraikiarazten duena, eta bere brankan, hitz egiten duen zurezko zatia jartzen duena, Dodonako basoan moztutako zura, ontziaren noranzkoa zuzentzen zuena, arriskuak non zeuden jakinarazten ziena eta hauek eragozteko modua adierazten ziena. Metafora horrekin, erraza da ontziaren lema ezagutzea.

Batzuetan, Ulises gidatzen du bidaietan, bestetan, Pandoraren alabei emakumeei dagozkien lanetan nabarmentzeko artea erakusten die, tapizgintza lanetan loreak eta guduak irudikatzen; bera da, baita ere, bere eskuekin Junonen berokia edertzen duena.

Minerva, armatzen, Lavinia Fontanarena, 1613. Borghese Galeria, Erroma

Ovidiok, Minerva, "mila ekintzen jainkosa" deitzen zuen. Italia osoan gurtua izan zen, izaera gudatiarra Erroman besterik ez hartu zuen arren.

Bere jaia nagusia, martxoaren 19tik 23rarte ospatzen zuten, plural femeninoan Quinquatria izena zuen egunean, martxoko idusaren ondorengo bosgarren egunean, hau da, martxoaren 19an, eskulangileen egunean. Bertsio txikiago bat, Minusculae Quinquatria deiturikoa, ekainaren 13an ospatzen zuten txirulariek Aventino muinoan, jainkosa honek txirula asmatu zuela uste baitzuten. Minerva, Kapitolino muinoan gurtzen zen, Junonekin eta Jupiterrekin batera, Kapitolioko Hirukoaren parte bezala. Egungo Erroman, Piazza della Minerva bisita daiteke, Agriparen Panteoia dagoen tokitik gertu.

K. a. 207an, olerkari eta antzezleen korporazio bat eratu zen Aventino muinoko Minervaren tenpluan zinopariak egiteko eta biltzeko. Korporazio horretako kideen artean, Livio Androniko zegoen. Aventinoko Minervaren santutegia, gurtza-gune garrantzitsu bat izaten jarraitu zuen Erromatar Errepublikaren garaiaren erdialdea igaro eta askoz beranduago ere.

Plutarkoren Periklesen bizitza lanean, Minerva, Periklesi agertzen zaio amets batean, eta tratamendu zehatz bat agintzen dio Atenaseko zauritutako hiritar batentzat. Tratamenduak, gizona sendatu zuen, eta letoizko estatua bat altxa zen jainkosaren omenez.

Sagaraturiko animaliak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Atenaren mozoloa»

Minervari sagaraturiko animaliak, herensugea eta mozoloa ziren. Sakrifizio handiak eskaintzen zitzaizkion, eta, ondorioz, Panatenea handietan, tribu bakoitzak idi bat eskaintzen zion, animalia honen haragia, eta, ondoren, herritarren artean banatzen zen.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Euskaltzaindia. 82. araua. Grezia eta Erromako pertsonaia mitologikoak. .
  2. 1 2 (Ingelesez) «Encyclopedia Britannica | Britannica» www.britannica.com (kontsulta data: 2023-03-17).
  3. 1 2 3 (Gaztelaniaz) Blázquez, José María. (1993). Historia de las religiones antiguas : Oriente, Grecia y Roma. Cátedra, 406-407 or. ISBN 84-376-1207-1. PMC 31207596. (kontsulta data: 2023-03-17).
  4. Humbert, Jean. (1982 printing). Mitología griega y romana. (Versión de la 24. ed. francesa por B.O.O. argitaraldia) G. Gili ISBN 84-252-0218-3. PMC 9701239. (kontsulta data: 2022-04-07).
  5. Apollodorus. (2007). Apollodorus' Library and Hyginus' Fabulae : two handbooks of Greek mythology. ISBN 978-0-87220-821-6. PMC 71809990. (kontsulta data: 2023-03-17).
  6. Ovid, B.C.-17 A.D. or 18 A.D.. (2018). Metamorphoses. (The new, annotated edition. argitaraldia) ISBN 978-0-253-03370-3. PMC 1298401084. (kontsulta data: 2023-03-17).
  7. (Ingelesez) Bulfinch, Thomas. (2010). The Age of Fable, or Stories of Gods and Heroes. Digireads.com Publishing ISBN 978-1-59625-257-8. PMC 1176355677. (kontsulta data: 2023-03-17).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Cartwright, Mark (2014ko urtarrialren 7) “Minerva”. World History Encyclopedia