Meningitisagaruna eta bizkarrezur-muina estaltzen dituzten mintzen, hau da, meningeen hantura da. Gehienetan infekzio batek eragiten du, bakterioek, birusek, onddoek edo beste mikroorganismo batzuek. Gaixotasun hau osasun publikoko arazo garrantzitsua da mundu osoan, batez ere garapen bidean dauden herrialdeetan eta populazio zaurgarrietan, hala nola haur txikietan, adinekoetan eta immunodepresioa duten pertsonetan.
Oso gaixotasun larria da. Mota batzuetan, batez ere bakterianoetan, gaixotasuna oso azkar garatzen da eta tratamendu azkarra behar du. Bestela, kalte neurologiko iraunkorrak edo heriotza gerta daitezke. Hori dela eta, diagnostiko goiztiarra, tratamendu egokia eta prebentzio neurriak (batez ere txertaketa) funtsezkoak dira gaixotasunaren eragina murrizteko.
Piamater: barneko geruza fina eta odol-hodietan aberatsa
Geruza hauen artean likido zefalorrakideoa dago, garuna eta bizkarrezur-muina babesten dituena. Likido horrek hainbat funtzio ditu: kolpeen aurkako babesa, mantenugaien garraioa eta hondakin metabolikoen eliminazioa.
Meningeak mikroorganismo patogeno batek infektatzen dituenean, hantura eragiten da. Hanturak presio intrakraniala handitu dezake eta horrek nerbio-sistema zentralaren funtzionamenduan eragin kaltegarriak izan ditzake.
Meningitisa mundu osoan agertzen da, baina bere intzidentzia eta eragile nagusiak aldatu egiten dira eskualdearen arabera. Esaterako, Afrikan, Senegaletik Etiopiaraino luzatzen den eta tarteko herrialde guztiak hartzen dituen “meningitisaren gerrikoa” deitzen den eremuan agerraldi handiak gertatzen dira aldizka, Neisseria meningiditis bakterioak eragindakoak.
Meningitis bakterianoaren eragile nagusien artean daude:
Txertaketa-programen ondorioz, azken hamarkadetan nabarmen jaitsi dira bakterio batzuek eragindako kasuak, bereziki Haemophilus influenzae motako meningitisaren kasuak.
Meningitis bakterianoa da forma larriena. Bakterio patogenoek normalean arnas aparatua kolonizatzen dute eta odolaren bidez nerbio-sistema zentralera iristen dira. Infekzioa sortzen duten bakterioak asko izan daitezkeen arren, hurrengoak dira garrantzietsuenak: meningokokoa (Neisseria meningitidis), Haemophilus influenzae eta Streptococcus pneumoniae.
Meningitis birikoa, ume txikietan meningitis kasu gehienen eragile da, eta normalean arinagoa izan ohi da. Gehienetan enterobirusek eragiten dute, baina herpes birusak edo beste arnas birus batzuk ere izan daitezke eragile.
Meningitis fungikoa, onddoek eragindako meningitisa da. Nahiko arraroa da, izan ere, immunodepresioa duten pertsonetan soilik agertu ohi da. Onddo patogeno ezagunenetako bat Cryptococcus neoformans da, patogeno oportunista. Beraz, immunitate-sistema ahulduta duten gaixoengan besterik ez du eragingo normalean, baina infekzio larriak eragingo ditu eta tratamendu antifungiko espezifikoa beharko da hau sendatzeko.
Meningitisaren sintoma klasikoak honako triada klinikoan datza: sukarra, lepoko zurrunntasuna eta kontzientzia-mailaren alterazioa. Hala eta guztiz ere, ohikoa da beste sintoma batzuekin batera agertzea, hala nola, goragale eta gorakoekin, buruko minarekin, fotofobiarkein eta krisi epileptikoekin. Gainera, Neisseria meningitidis bakterioak eragindako infekzioetan larruazaleko erupzio hemorragikoak ere ager daitezke.
Diagnostikoaren oinarria puntzio lunbarra da, zeinaren bidez likido zefalorrakideoa lortzen den aztertzeko. Teknika hau burutzeko gaixoa dekubito lateralean jartzen da, enbor eta zangoak flexionaturik dituela, fetu posizioan. Horrela ornoen arteko espazioa irekitzea lortuko da eta ondoren ziztada L3-L4 mailan egingo da, espazio subaraknoideora iritsi eta likido zefalorrakideoa era pasiboan ateratzeko.
Likido zefalorrakideoaren analisian hainbat parametro ebaluatzen dira:
Mikroorganismoen presentzia: behaketa mikroskopikoa eta laginaren kultiboa dira agente eragilea identifikatzeko erabiltzen diren metodoak.
Zelula kopurua
Glukosa maila
Proteina maila
Gainera, PCR teknikek mikroorganismoaren identifikazioa azkartzen dute. Irudi-probak, hala nola TAC edo erresonantzia magnetikoa, konplikazioak identifikatzeko erabil daitezke.
Gaixotasunaren larritasuna kontuan izanik, diagnostiko goiztiarra garrantzitsua izango da tratamentuarekin lehenbailehen hasi ahal izateko.
Meningitisbirikoaren kasuan tratamentu sintomatikoa egiten da. Hau da, sintomak tratatzearekin nahikoa izan ohi da, gaitza berez sendatzen delako.
Meningitisfungikoak tratatzeko antifungikoak erabiltzen dira. Zehazki, Cryptococcus neoformans onddoak eragindako meningitis kriptokozikoa B anfoterizinarekin tratatzen da.
Zenbait kasutan kortikoideak ere erabiltzen dira hantura murrizteko.
Prebentzio neurri eraginkorrena txertaketa da. Hauek dira gaur egun meningitis bakterianoaren aurka dauden txerto nagusiak:
Hib txertoa: b motako Haemophilus influenzaren aurkakoa: 2, 4 eta 11 hilabeterekin.
Meningokoko C: 4 eta 12 hilabeterekin.
Neumokoko: 2, 4 eta 11 hilabeterekin.
Meningokoko B: 2, 4 eta 12 hilabeterekin.
Meningokoko A,C,W,Y: 12 urterekin
Txerto hauek herrialde askotako txertaketa egutegietan sartuta daude eta meningitis bakterianoaren intzidentzia nabarmen murriztu dute. Gaur egun, guzti hauek aurki daitezke Osakidetzako umeen txerto-egutegian.